Joan den astean mezu elektronikoa jaso nuen: "Inkesta interesgarria". Igorlea ezaguna izaki, jakin-mina piztu zidan. Mezuaren mamian, batek daki ze eskuk ida-tzita, "bete ezazu inkesta hau mesedez, jakin dezatela ingelesek zer den euskara".
"Ikus dezagun, bada", nire baitan. Galderak irakurtzen hasi eta berehala betekada sentitu nuen. Euskararen inguruan tesia egiten ari den neska ingelesa omen zen eskatzailea. Ez da lehena (azkena ere ez, seguruena); halako bitxikerien argi-koroaz, gureak ba omen du erakargarritasun bat edozein ikerketa exotiko bihurtzen duena. Eta guk, ardiak bezala, halakoei segi.
"Uste duzu euskaraz hitz egitea funtsezkoa dela euskaldun (vasco dio inkestak) sentitzeko?", batetik. "Zer iruditzen zaizkizu Gobernuaren saiakerak euskara sustatzeko? Positibo ala negatibo deritzozu ahaleginari?", bestetik. "Uste duzu euskara etorkizunerako ezinbestekoa dela?", errematea.
Koadrila bat galdemodu honelako. Uf! Erantzunak manatuak dituen galdera pozoitu sailaren eredua da beste behin; ohiko sasi-inkesta soziologikoaren adibidea, bildu nahi dena aldez aurretik ongi zehaztua duenarena. Menperatzailearen itzala. Deuseztapenaren luma. Frantses bati, aleman bati? galdetuko lioke inork etorkizuna bere hizkuntzarekin irudikatzen ote duen? Arraio!
Inperio-hizkuntzen posizioek garbi ikusarazten dute hizkuntza gutxituek ez dutela tokirik munduan. Gaixo batzuek bakarrik dute tema, burugogorkeriaz, denbora eta dirua dedikatuz, erabat alferrik galdua den ahaleginean segitzeko. Zertarako euskara? Globaliza gaitezen denak! (Baina nire hizkuntzarekin, kasu).
Beldurgarria da ikustea zein azkar betetzen dituen norbanakoak delako estatuaren lezioak; aske garelakoan-edo, eta erabateko inuzentekeriaz gainera, gure pentsaeran eta bizi-filosofian inork ez duela eskumenik (ez eta eraginik ere) ozen aldarrikatu eta ederki diseinatutako planak biziarazten dizkiegu goikoei.
Joan den igandean A. Lertxundik adierazi zuen "gaurko mapa linguistikoa ezin dela sarraski inperialistarik gabe ulertu", eta areago, "globalizazioaren garaiotan, ingelesarena ez omen dela inperialismoa, etorkizuna baizik". Hiztun guztiak ez gara berdinak, ez hizkuntzek hala nahi dutelako, gizakiok duintasun-kategoriak ematen ditugulako, baizik.
Soziologiaren ikuspegitik, linguistikaren ikuspegitik, ez dira serioak lardaskeria hauek. Okerrena da guk filtrorik gabe zabaltzen ditugula. Niri neuri, ez zait interesgarria iruditu inkesta.