Miren Azkarate Villar Donostian jaio zen, 1955ean. Filosofia eta Letretako ikasketak burutu zituen Deustuko Unibertsitatean. 1980an Estatu Batuetako Illinois-ko Unibertsitatean izan zen, Sintaxia, Hizkuntzalaritza historikoa eta Lexikografia irakatsiz.
1988an Koldo Mitxelenak eta Ibon Sarasolak zuzendutako 'Hitz konposatuak euskaraz' deituriko tesia irakurri zuen EHUn eta doktoregoa lortu. 1992an euskaltzain oso hautatu zuen Euskaltzaindiak, lehen emakume euskaltzaina bera izan zelarik. Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua izana da, Juan Jose Ibarretxeren gobernu taldean.
bilbao. Mitxelenak idatziak irakurtzen dituenak bestelako baieztapenak ere irakurriko ditu. Etxetik zetorkion abertzale eta euskaltzale izatea. "Aita alderdi berri baten lehenbizikoetakoa izan zen Errenterian. Ama, Lapurdi-minaren mende etengabe, berdin-tsua zen usteetan, zorrotzago agian mintzatzeko orduan. Gipuzkoa ere ez zuten guztizko, lehenagokoek bezala. Esan baitut nondik hartua zuten grina: bizkaitar garai Bizkaiaren bila zebilela ez nondik eta ez nora Euskadi aurkitu zuen harengandik" (Gipuzkoarra naiz). Sabino Aranak sortu zuen Eusko Alderdi Jeltzalekoak, alegia. Gaixorik egon zen denboraldi luzean eskura izan zuen Zeruko Argia. Etxean hartu zuen euskararekiko grina: "1929an euskaltzaletu nin-tzen, nolabait esan, inork eragin gabe eta neuk ere nola ez dakidala: hazia, dudarik gabe, aspaldidanik ereina nuen" (Azken ordukoak). Gerra ondorengo urteetan, Burgosko espetxean murgildu zen euskararen munduan Ander Arzelus Luzearen eta beste batzuen eskutik. Beti definitu zuen bere burua abertzale eta euskaltzale gisa (Jaioko dira berriak). Baina izan zituen inguruan bestela pentsatu eta sentitu izan arren, asko lagundu ziotenak; izan ere, 36 urte zituen ikasketak bukatu zituenerako. Tesia etorri zen ondoren. Ez zen inoren ikasle izan, ez zuelako klasetara joateko aukerarik. Hor izan zuen funtsezko Antonio Tovar edo José Vallejo irakasleen laguntza. "Bi irakasle arrotz horiek? beti jakin dute zenbait euskaldunek oraindik ez dakiena; ni, zerbait baldin banintzen, Euskal Herriko seme nintzela eta Euskal Herriko seme gisa, ahal nezakeen neurrian, jokatuko nuela aurrerantzean ere" (Azken ordukoak).
Mitxelena kartzelan zegoela hasi zen Espetxean aldizkarian idazten, euskal presoek ezkutuan ateratzen zuten aldizkarian. Baina bazen lehenagoko lantxo bat amak sutara bota zuena eta euskaraz egiteko gai ez zelako gaztelaniaz idatzia zuena: "1934an ondu nuen Memorias de un jelkide zeritzana. Nahiz ez izan idazlan bikaina, baluke orain baliorik, oker ez banago, urte haietako kondaira, jende xumearen aldetik, egin nahi lukeenarentzat" (Azken ordukoak).
Ezin esan daiteke bizimodu erraz eta erosoa izan zuenik: "Maizegi pentsatu dut euskalduntasunari edo delako arbasoengandik datorkidan grina horri hain loturik ez banengo, lasaiago biziko nintzatekeela eta are agian nagoen baino diruz hornituago nengokeela" (Pro domo). Baina beti eutsi zion bere konpromisoari, Euskal Herriko seme izateari. Eta orain arte Mitxelenaren beraren aipuak ugari baliatu baditut, uste dut berari hitz egiten uztea dela onena, Azken ordukoak izeneko idatzitik hona ekarriaz:
"Ez diot, dakidanez, ukorik egin neure herriari? Ez dut uste beste asmorik gabe neure burua aitzina-tzen saiatu naizenik. Aitzinatze hori, gehienez ere, gure gerriarekin batera aitzinatzeko asmotan izan da. Eskubiderik banu horrenbestetarako, harako Martí-ren hura esango nuke: Con los pobres de la tierra quiero yo mi suerte echar, eta behartsuenik behartsuenak, ene begietan, neure herrikoak dira eta neure herria bera. Bestetarikakoak ez zaizkit ahazten, gizon bainaiz, euskaldun baino lehen, baina neureak datoz aurrenik. Besteak ere bere buruari begira daude, ez guri".
"Ni, behinik behin, zenbait gauzaren alde eta zenbait gauzaren kontra agertu nintzen gaztetan, eta berorien alde eta kontra naiz orain, gero eta gogorkiago, ikusi ditudanak ikusi ditudalako". "Argi ez badago, hauxe da gogoko ez dudana: Martín-Santosen Tiempo de silencio hura eta berrogeizaro hark (ez naiz garizumaz ari) utzi digun ondare ikaragarria".
"Bazen inoiz hemen haritza (zar, sendo, zindo) maite zuenik franko. Gero, nola ez dakigula, pinuzale bihurtu zaizkigu orduko haritz-zale batzuk. Haritza gogoko dut nik, eta haritza gogoko bezainbat pinua higuin eta gorroto. Ordenuan agindurik utziko nuke: ez kaobarik, ezta ere inongo pinurik. Zuberoako lerrak, Erronkari-Zaraitzuetako ler eta llerko lerdenak, ederki".
Hala izango ahal zen!