Durango. Ikuslea "antzerki-zaletzea". Horixe da Durangoko Szenatokiak bilatu duen helburua antzerki-maratoia ekimenaren bidez. Gerediaga Elkartea eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearen (EHAZE) ekimenez, bigarren urtez hartu du San Agustin kultur guneak euskarazko an-tzezlanen erakustoki bitxi hau. Antzerki-talde bakoitzak 15 minutu inguru ditu bere obraren lagin bat taularatzeko.
Iaz egun bakar batean garatu zen maratoia, aurten, aldiz, lau egun hartu ditu. Ostegunean haurrei zuzendutako maratoia eskaini zen eta atzo eta herenegun helduentzako txanda izan zen. Ekitaldiari amaiera emango dio Metrokoadroka kolektiboak, zeinak Hura ez da lekua antzezlana aurkeztuko duen. Kasu honetan, emanaldi osoa eskainiko da. "Izan ere, Metrokoadrokaren ikuskizuna San Agustin kultur guneak antolatutakoa da, baina maratoia aprobetxatuz, programazio honen barne hartu dugu", azaldu du Idoia Gereñuk, Szenatokiko programazioaren arduradunak.
Egun gehiagotan garatu arren, formatua (15 minutu inguruko saioak) eta xedeak mantentzen dira. "Helburu nagusietako bat da urtean zehar euskarazko an-tzerkiaren arloan egin diren lanen erakustoki izatea, askotan dirudielako gutxi egiten ari dela eta asko egiten da", baieztatu du Gereñuk.
Halaber, ikuslea euskal antzerkira hurbiltzeko deia ere egin nahi da. "Lagin hauen bidez amua bota-tzea bilatzen da, hots, publikoak hemen ikusten duen obra bere herrira heltzen bada, horretara joateko grina piztea berarengan", gaineratu du.
Aniztasuna da maratoi honen beste ezaugarrietako bat. Talde profesionalek, erdi-profesionalek eta amateurrek bat egiten dute eszenatoki berean. "Euskal teatroak alde guztiak behar ditu, eta polita da guztiak dastatzea. Talde profesional eta ez-profesionalen arteko esperientzien elkartrukatze horri aberasgarria deritzot", iritzi du Ander Lipusek.
Aktoreak Biba zorrien izurritea obra zuzentzen du, Joseba Sarrionandiaren Idazlea zeu zara, irakurtzen duzulako testuan oinarrituta, Markinako Abarka taldeak antzezten duena. "Egokitzapenaren sorkuntza prozesua berez ez dugu bukatu oraindik -aitortu du zuzendariak-, baina ondo datorkigu jendearen erantzuna ezagutzeko". Hortaz, euskarazko antzerkiaren erakustoki honek laborategi gisa ere funtzionatzen du.
Puska bat Dena den, obra taxututa dagoenean, zaila gerta daiteke ordu bete gorako emanalditik soilik 15 minutuko lagina ateratzea. "Ez da erraza, ez, baina talde guztiok izan dugun zailtasuna dela imajinatzen dut", adierazi du Ramon Agirre aktoreak. Niko Lizeagarekin batera aritu zen atzo Szenatokian, Tanttaka Teatroko Bejondaigula! antzezlanaren "puska bat" aurkeztuz. "Obra originalak bi parte oso ezberdin ditu. Lehenengoan, bi aktore eta lagunen arteko elkarrizketa azaltzen da, eta kamerinoetan daudela ikuskizun bat eskaini aurreko minutuetan, euren bizitzen erreflexio oso intimoak agertzen dituzte -kontatu du Agirrek-; bigarren partean, berriz, emankizuna bera erakusten da, askoz biziagoa da hau, show bat da, alegia".
Aktoreak aipatu duenez, Szenatokian erakutsi den laginak bigarren parte honetatik edan du batik bat. Agirrek estreinakoz parte hartu du aurten Azokaren antzerki maratoian. "Iaz ikusle gisa etorri nin-tzen eta gustatu zitzaidan ikusi nuena, Durangon urteko uzta erakustea oso interesgarria iruditzen zait", dio. Iritzi berekoa da Jon Martinez, Aldatzen laguntzen izeneko antzerki-talde amateurreko kidea. Berak ere lehen aldiz parte hartu du maratoi honetan, "poz handiz". Atzo Ispilu obra aurkeztu zuen bere taldeak, orain arte 25 emanaldi izan dituena eta bikote baten gorabeherak ardatz dituena. Aktore gazte honek dioenez, Szenatokiaren ekimen honek "indarra" ematen die profesionalak ez diren Aldatzen laguntzen bezalako taldeei. "Hedabideetan ateratzea-eta mesede egiten digu; finean, edozein musika taldek egiten duen legez, gure ikuskizunak mugitzen gabiltza herrietako areto txikietan nahiz gaztetxeetan", onartu du. "Horixe baita gure erronka: antzerkia eramatea antzerkia ez dagoen lekuetara", erantsi du.
Aipatu konpainiez gain, egunotan ere aritu dira Ttak, Hipo ta Tomax, Patata Tropikala, Pantzart eta Zirika Zirkus taldeak haurrei zuzendutako maratoian; baita Kukubiltxo, Bederen 1, Horman Poster eta Koldarra antzerki taldeak, nagusien kasuan. Horrez gain, Kike Amonarrizen bakarrizketa eta Zurriola Ikastolako ikasleen emanaldia ere aipatzekoak dira. "Saiatu gara ahalik eta abaniko zabalena eskaintzen", baietsi du Idoia Gereñuk.
Etorkizunera begira, maratoiaren formatu hau lantzen jarraituko dutela uste du. "Landako gunetik kanpo dagoen espazio bakarra denez, ekimena ezagutarazten jarraitu behar dugu", aitortu du. "Antzerkia irla bat da, eta maratoiaren dinamika hau indartu behar da", bat dator Ander Lipus.