Durango. Ilunabarrak argitu zuen atzo Durangoko kaleetan. Iluntzeko zortziak inguru ziren eta hotzak bere protagonismoa aldarrikatu nahi zuela zirudien. Ordurako, jende andana San Agustin kultur guneko atarian zegoen, euskal kulturaren beroaren zain, nonbait. Bertan hartu zuen leku Argizaiola Sariaren ekitaldiak, erakunde nahiz pertsonen lana euskal kulturgin-tzaren alde omentzearren Gerediaga Elkarteak antolatutako ekimena. 1992. urtean hasi ziren donari hauek banatzen, eta aurtengo 10. edizio honen saria Benito Lertxundi (Orio, 1942) kantautoreari egokitu zaio.
"Benitori eman diogu merezi duelako eta Azokarekin izandako lotura estuarengatik, beti egon da presente Azokan", azaldu zuen Gerediaga Elkarteko presidente den Nerea Mujikak. "Pertsonalki, itzelezko poza ematen dit berari entregatu ahal izatea saria -aitortu du-; oroitzapen asko ekartzen dizkit 1966ko abendu hura, non Azokaren bigarren edizioaren baitan, Benitok Ez Dok Amairurekin saioa eskaini zuen Andra Mariko elizpean...".
San Agustinera hurbildu ziren orok bere eserlekua hartu ahala -aretoko 320 bat eserlekuak bete ziren-, Orioko bardoak oraindik ez zuen argi zeintzuk izango ziren bere esker hitzak. "Momentuan ikusiko dut nondik aterako naizen", adierazi zuen ekitaldia hasi baino minutu batzuk lehenago. "Litekeena da gure kulturaren gainean ditudan hainbat ezadostasunez aritzea edota ijitoei aipu egitea, ni ere Orioko ijitoa bainaiz", ironiaz mintzatu zen.
Durangoko Azoka "erromesen santutegitzat" du kantautoreak, baina erromesaldia "egunero" egin behar dela ere ohartarazten du. "Euskaldun bizi, euskal sena, euskal kultura finean, bizitzeko modu bat da, ez urtean behin egiten den ospakizuna", argitu du.
Eztarriarekin izandako arazoak gaindituta, eszenatokietara itzuli berri da Lertxundi, eta Azokan, jakina, bere azken disko Oroimenaren oraina aurki daiteke, baita Plazer bat izan duk, Benito! (Elkar, 2012) liburua ere, Mikel Markezek eta Pako Aristik idatzia.
Halere, abesteari berriz ekin baino lehen, erabateko isilunea gorde behar izan du. "Medikuak esan zidan lau egunez tutik esan gabe egoteko, eta gero hitz egiten hasteko, baina oso suabe. Eta abesten hasi aurretik, berarengana joan behar nuen". Lau ez baizik eta sei eguneko isilunea gorde zituen eta handik gutxira medikuarenera itzuli eta honek ondo zegoela esan zion. Lertxundik bere bekatua aitortu zion orduan: "Duela hiru egun hasi naiz kantatzen", eta barrez hasi ziren biak. Edozelan ere, isilaldi horrek "mesede handia" egin ziola baieztatzen du.
'Uni-bertsoak' Laudorioen oso lagun ez delaz jabetuta, Jon Maia bertsolari eta idazleak ekitaldi berezia eskaini zion atzo Lertxundiri. Gauean argi lelopean, irudiez, kantuez, bertsoez nahiz gogoetez jositako ikuskizuna gidatu zuen gipuzkoarrak. "Omenaldi bat baino, bere alegiazko unibertsoan barneratzen saiatu naiz; Benito gure burua ezagutzen lagundu digun bide nagusietako bat da eta", adierazi du. Hiru pantailetan azaldutako irudiotan, itsasoa, baleak, Gartxoten kondaira, hala nola Txirrita, Pello Errota edota Xalbador bertsolariak izan dira aipatu unibertsoaren piezetako batzuk, besteak beste. Markinako Xemein abesbatzak eta Maddi Oihenartek ahots gozoa erantsi zioten ekitaldiari, baita publikoa bera eta Jon Maia ere, zeinak bertso pare bat kantatu zituen. "Benito, jarraitu gure oroimenaren oraina izaten!".