Orain dela bi urte argitaratutako Euskara batuaren bigarren jaiotza saiakeraren bigarren zatia da Xabier Amurizaren liburu berria. Aurreneko lan hartan ideia gehiegi plazaratu zituelakoan dago bertsolari eta idazlea eta, oraingoan, zazpi proposamen funtsezkoenak hautatu eta zabalago aztertu ditu. Etorkizunean lekua izango duen euskara nazionala nahi du, inguruko erdaren indarrari aurre egiteko gai izango dena, euskaldunentzat erakargarri eta noranahiko. Saiakera eta pasarte literarioak uztartu ditu Zazpi ebidentzia birjaiotzarako liburuan, irakurleari atseginago egingo zaiolakoan.
'Euskara batuaren bigarren jaiotza' liburua osa-tzera dator hau, zergatik idatzi duzu?
Alde batetik, aurreko liburuan gauza askori buruz hitz egin nuen, sobran ez zeudenak, baina gero ikusi nuen adarretatik joaten zela jendea, gauza asko sekundarioak ziren, jakin behar da bereizten zer den ardatza eta zer orria. Irakurlea desbideratu egin zen horrenbeste proposamenekin eta pentsatu nuen, hemen auziak edo arazoak ez dira hainbeste, ez ahal naiz izango gai, arazo zentralak aurkezteko, gehiegi distraitu gabe. Ebidentziak aurkeztu nahi izan ditut, hizkuntzaren normalkuntzan ezinbestekoak diren zazpi gai. Bestetik, euskararen debatearekin jarraitu nahi nuen, zentratuago eta zeha-tzago; ikusten dut gai honi buruz ez dela nahikoa debatitzen.
Nolakoa behar luke euskara batu idealak?
Bide bat da, aurrera jarraitu behar dugu, baina nondik? Nik ebidentzia batzuk ematen ditut, nire ustez begibistakoak. Batuak izan behar du, lehiakorra, osoa, nazionala, aurreko liburuan ere aipatu nuenez. Hizkuntza nazional eta lehiakor bat finkatzeko, gauden lekuan, hizkuntza potente eta indartsuen azpian egonda, ze hutsune bete behar diren bilatu dut, sintaxian, lexikoan, adi-tzean. Zazpi ebidentzietan esaten dena betetzera helduko bagina, horixe litzateke niretzat ideala, baina oso zaila da, egun batetik bestera ez dugu lortuko. Batuak kasik mende erdi darama eta gauza batzuk aurreratuago egon zitezkeen. Soziologikoki ez dago geure esku, baina euskara tresna bezala gaitzea, doitzea, bai. Noiz amaituko da prozesua? Datorren mendean, euskara akabatzen denean? Ez badugu komunikazioa erraz egiteko moduko hizkuntzarik, Euskal Herri osorakoa, ez da ezer geratuko, euskalkien puskak baino ez. Euskara tresna egokia izan dadin, egokitzapen urgentea behar dugu. Orain daukagunak ez du balio, ez du maila afektiboan inguruko hizkuntzek daukaten indarra; militanteek ez dute hizkuntza bat salbatzen, masak salbatzen du, erraztasunagatik eta efektibitateagatik.
Hizkuntza erraza bai, baina behar denean konplexua izateko gai dena ere aldarrikatzen duzu.
Euskara erraza behar dut hamar urteko umeari egiteko. Baina Proust itzuli behar badut, nola egingo dut euskara erraza? Hizkuntza batek dauzkan gama guztiak behar dira, behar denean erraza, eta zaila edo konplexua behar denean ere bai, literaturarako, metaforetarako, kontzeptu batzuk esplikatzeko. Baina horretarako baliabideak behar ditu, konplexutasuna naturalki azaltzeko.
Hitz ordenan, aldiz, ez duzu euskara hain atzean sumatzen, aukera zabalak ikusten dizkiozu.
Bai, eta aukerok aprobetxatu behar dira, eta dauden aurreritziak albo batean utzi. Euskaraz, hi-tzak ordenatzeko modu natural asko daude, denak onak, horrela zentzu asko har ditzake esaldiak. Axularren, Mogelen estiloa goraipatzen dugu, baina haien hitz ordenak oso diferenteak dira eta gu ez gara konturatzen. Gaztelaniak, behintzat, ez dauzkan baliabideak ematen ditu euskarak, abantaila da hori, izan ere, euskarazko esaldi batzuk gaztelaniaz ezin dira berdin-berdin itzuli, gaztelaniak ez duelako hitz ordenaz adierazteko halako gaitasunik.
Aditzean, berriz, sinpletasunaren alde egiten duzu.
Aberatsa da euskarazko aditza, baina aberastasuna tamaina batean da ona, jendeak ezin erabiltzeko bada, ez. Errealitate ebidentea da paradigmaren ehuneko 50 ez dela erabiltzen, gainerakoen erdia oso gutxi erabiltzen da eta arruntak diren formak ere higatzen doaz. Problema handi bat daukagu. Nik hizkuntzaren barrutik proposatzen dut aditza sinpletu eta laburtzeko bidea. Esaterako, Bizkaia aldean dauden formek laburrago adierazten dute esan beharrekoa eta natural-natural erabiltzen dira. Distortsioa, datiboa eta plurala erdi-erdian sartu beharrean dago, ezaugarri horiek hitz bukaerara eramango bagenitu, aditzak burukomin gutxiago emango liguke. Ez dut esan nahi orain dagoen paradigma kendu behar dugunik, baina bai behin-tzat sistema errazagoa, zehatzagoa baimendu. Zergatik zailena aukeratu? Aditza birplanteatu egin behar da.
Horrelako proposamenak benetan egingarriak dira?
Gehienetan, ideia hauek planteatzen ditudanean, hain dira gauza ebidenteak, jendeak galdetzen dit ea nola egon gaitezkeen oraindik honela. Jendea konbentzitu nahi dut eta horretarako hitz egin behar da. Erlatiboa, esaterako, sintaxian hain egitura oinarrizkoa dena, ebidentzien artean sartzen dut. Horren funtzio funtsezkoa ezin dugu erlatibo txakil batekin bete! Orduan, baldin badago erlatiboa egiteko modu sinple eta noranahiko bat, zergatik ibiliko gara esaldiak hausten, ideia batzuk esaldi bakarrean ezin ditugula eman sinesten?
Argota, esamoldeak eta lagunarteko hizkera erabiltzeko orduan, euskarari muga handiak ikusten dizkiozu. Zer irtenbide bururatzen zaizkizu?
Nik hor proposatzen dut interbentzioa, baina interbentzio antolatua. Begira zenbat ahalegin egin den herrietako hizkerak jasotzen; ez dakit, Bizkaian behintzat, badagoen herri bakar bat bere libururik ez daukana hango euskarari buruz. Hortik euskara batura pasa dezakezun argota egongo da. Begi on batzuek, batzorde edo talde batek, ikerlan horiek guztiak hustu behar ditu, baturako egokia izan daitekeenaren bila, Zuberoarako zein Arratiarako interesanteak diren formak aukeratu. Maila lokalean gera-tzekotan, egindako lan horrek ez du ezertarako balio. Esate baterako, Ondarroan edo Amezketan sortzen diren esamoldeetatik denak ez dira izango egokiak baturako, baina leku bakoitzean egongo da zerbait interesgarria. Era konbin-tzentean batura pasa dadin, talde batek egin behar du bahetu, proposatu eta hedatu, beharrezko azterlan guztiak eginda eta, azkenean, hiztegi batera joan behar dute. Leku egokian jaso eta bideratzea da gakoa.
Bestela beti jarraituko dugu erdarazkoa esaten, erdaraz esaten den moduan aurretik jarri eta kitto. Ordain konbintzenteak eman behar dira, madero esateko polizia hitza ezin duzu eman, taketa edo anporra edo antzeko zerbait aukeratu beharko da, bestela, jendeak segituko du erdarara jotzen. Ahalegin antolatu eta permanentea izan behar da, bestela erdarazko argota nagusitzen da, zeren batek erabiltzen du esamolde bat, demagun Bermeokoa, eta, berarekin daudenek erdarazkoa erabiliko dute, agian deigarri egingo zaie Bermeokoa, besterik ez. Argotik gabe ez dago ez gazterik ez zaharrik euskaraz egingo duenik eta erdi euskaraz erdi erdaraz darabilgun honetara jo behar badugu, hortik ez goaz inora.
'Zazpi Ebidentziak' gizarteratzeko zer egingo duzu?
Lankukoek berbaldi batzuk-eta antolatu dizkidate. Jende askok, hala ere, ez du jakin nahi, askori esaten badiozu Euskaltzaindiaren Hiztegiarekin ezin duzula etxeko ataritik irten, esaten dizute asko aurreratu dugula. Baina ni ari naiz esaten, ez zenbat egin dugun, zenbat falta zaigun baino. Ze kriterio dago Euskaltzaindiak elementu hitza sartzeko eta elemental ez? Orduan nola esan partícula elemental? Oinarrizko partikula ez, ez da gauza bera! Gure inguruko erdara guztietan ondare komuna diren milaka hitz sartu behar genituzke, baina noiz, hizkuntza akabatzen denean? Gu ondare komun horretako parte gara eta ez badaukagu horien ordain zehatz eta argia, mailegu horiek hartu behar ditugu. Liburuan nik 2.000 hitzeko zerrenda jarri dut, baina izan zitezkeen 20.000 ere, ez baititut denak jaso. Euskaltzaindiaren hiztegian horiek falta dira eta premiazkoak dira, filosofia eta zientzietako kontzeptu askotarako zehaztasuna ematen digute.