Bilbo. Bazen behin Orotariko Euskal Hiztegia, horren ostean ondu zen Hiztegi Batua, eta orain badaukagu Euskaltzaindiaren Hiztegia. Adierak eta adibideak. Atzo, Bilboko Plaza Barriaren ertz batean duen egoitzan aurkeztu zuen hiztegi berria Akademiak. Mugarria, egun historikoa, egun gogoangarria eta horrelako hitz eta adierazpenak entzun ziren prentsaurrekoan. Papar-uso zeuden akademikoak, eta kontua ez da gutxiagorako, urteetako lan neke-tsuak ekarri baitu emaitza potoloa: Hiztegi Batuko 20.000 hitz dauzkan hiztegia, beren definizio, kategoria gramatikal, espezialitate, erregistro eta euskalki-markekin, aditz-erregimenekin, eta benetako erabileratik jasotako edozenbat adibiderekin, hau da, irakurleari euskal hitzak egoki erabiltzen lagunduko dioten jakingarri guztiekin. "Inon bada hiz-kuntza akademia baten eginkizunik behinena, honexetan da, hain zuzen ere hizkuntzaren lexikografiari bultzada ematen, estandar baten osatze eta mamitze aldera", gogoratu zuen atzo Akademiako presidente Andres Urrutiak.

Eta adi, tresna berri hau ez baita pentsatua izan hizkuntzalarientzat, are gutxiago hiztegigileentzat, "baizik eta idazle, irakasle edo teknikarientzat, futbolari nahiz ekonomilarientzat". Horrela agertu zuen egitasmoaren zuzendari Ibon Sarasolak, ziurtatuz "gramatika kategoriei buruzko informazioa adibideen bidez" ematen saiatu direla.

Gainera, hortxe egin da ahaleginik handiena, hots, erabilera-adibideen arloan. Sarasolak berak aipatu legez, "erabilera-adibide hauek euskararen literatura-tradiziotik eta egungo testu eredugarrietatik atera dira, bi horien artean oreka egokia bilatzen saiatuz". "Horrela -azpimarratu zuen Sarasolak-, joskera-eredu guztien argazki moduko bat eratu da, eredu bakoitzari bere pisua, maiztasunaren edo egokitasunaren arabera ematen saiatuz".

euskara-euskara Euskaltzaindiak, Elkar argitaletxeak eta Elhuyar Fundazioak batera argitaratu duten lan berri hau euskara-euskara hiztegia da. Lanaren oinarria Euskaltzaindiak onartua duen Hiztegi Batua izan da. Lan berriak, ordea, askozaz informazio gehiago eskaintzen du. "Mugarri berri bat euskararentzat eta Euskaltzaindiarentzat", definitu zuen Andres Urrutia euskaltzainburuak. Izan ere, Akademiak "euskara-euskara hiztegia lehenez argitaratu du, beste hizkuntzetan ohikoa dena gurean ere plazaratuz, hots, euskararen hitzek dituzten adierak eta adibideak euskararen bidez emanik. Oinarrizko lana da, eta aurrerantzean hemendik sortuko dira beste hiztegiak. Epe ertainean aterako dugun Hiztegi Batua berria ere bai, 40.000 hitz izango dituena".

Andres Urrutia eta Ibon Sarasolarekin batera, hiztegiaren edi-zioan parte hartu duten hiru erakundeotako ordezkariak izan ziren mahaia zabalean: Olatz Osa, Elkar argitaletxeko zuzendaria; Itziar Nogeras, Elhuyar Fundazioko zuzendari nagusia; eta baita Andoni Sagarna, Euskaltzaindiko Iker sailburua.

Hiztegigintzaren eremuan dauden erronkei erantzuteko, alian-tza sendoen premiaz eta egitasmoak partekatu beharraz jardun zuten guzti-guztiek. Horiek horrela, euskararen normalizazio eta normatibizazioaren bidean, ga-rrantzi handiko urratsa eman da hiztegi berriari esker.

ereinotz-adarra Baina Euskal-tzaindiaren Hiztegia Akademiak hiztegi-arloan duen "egitasmo-katearen azken maila da oraingoz", Andoni Sagarnaren hitzetan. Lan horren aurrekariak, azken lan honetara heltzeko ezinbesteko gertatu direnak, aipatu -eta goraipatu- zituen Iker sailburuak: "1968an, Koldo Mitxelenak, euskal hitzak euskaraz deskribatu zituen hiztegi bat lantzeko, kontuan izan beharreko irizpideak finkatu zituen. Orotariko Euskal Hiztegia etorri zen ondoren: hamasei liburuki eta 14.000 orrialde dituen lan erraldoia, 2005ean bukatu zen argitaratzen paperean". "Horren ostean -nabarmendu zuen Sagarnak- Euskal-tzaindiak beste bi eginkizun abiarazi zituen: lexikologia-irizpideak finkatzea eta egungo lexikoa sistematikoki biltzea, hiztegi arauemailea eta terminologia teknikoak landu ahal izateko. Egungo Euskararen Bilketa-lan Sistematikoak 4.655.300 testu-hitzeko corpus bat eman zuen. Hortik abiatuz, 40.000 hitzen formak arautu eta Hiztegi Batuan argitara eman ziren". Andoni Sagarnak gaineratu zuenez, "tresna horiek guztiek orain argitara eman den hiztegiaren oinarria sortu zuten. Etxe baten eraikuntza balitz, ereinotz-adarra gailurrean jartzeko unea litzateke oraingo hau".

Ibon Sarasolak azalpen gehiago eman zituen. "Gaur egun corpusetik abiatzen dira hiztegi guztiak, eta guk corpus ikaragarria bildu dugu, 27 milioi testu dituena; corpus horretatik jasotzen dira adibideak eta adibideetatik definizioak. Berba berriak ere hortik jasotzen dira, hori bai, ez dugu edozein hitz onartzen, baizik eta ondo eta natural erabiltzen direnak, zentzua daukatenak. Gauzak tentu handiz egiten ditugu".

55 eurotan Akademikoek atzo agindu zuten legez, hiztegi berriaren lehen edizioa da hau, hurrengo urteetan hitz, adiera eta adibide gehiagoz osatuko dena. Andres Urrutiak honela zioen: "Hiztegigintza bukaerarik gabeko jarduera da, hizkuntza etengabe biziberri-tzen delako seinalea, eta ondorengo urteetan lan asko dago egiteko, baina beti hiztegi hau oinarritzat hartuta". Honen harira, Sagarnak iragarri zuen aurrera doala hiztegia aberastuko duten hurrengo 20.000 sarreren idazketa. "Zimenduak -adierazi zuen- sendoak dira, egitura eraikia dago, eta barruan lanean ari gara".

Elhuyarreko Itziar Nogerasek ere hitz egin zuen atzoko prentsaurrekoan, eta elkarte guztien arteko elkarlanaren garrantzia azpimarratu zuen. "Kontsumo modu berriak daude, teknologia eta lan-prozesu berriak, erronka berriei egin behar die aurre gure hizkun-tzak, mila korapilo askatu behar dira egunero euskara bizi eta kalitatezkoa nahi badugu, eta horrek erantzunak eskatzen ditu, elkarlanean eman daitezkeenak. Horregatik da hain garrantzitsua hiztegi hau, elkarlanetik atera delako", nabarmendu zuen.

Kalean da, beraz, tresna berria, 55 eurotan salduko dena.