'Ur mara', gizakia eta natura elkartzeko lekua

bere alkizako baserriaren ondoan kontenplazio eta hausnarketarako bazter dotore bat atondu du

alkiza. Gizaki artea eta naturaren arteko erlazioa ulertzeko zenbait erakusketa, ikasketa eta iniziatiba bultzatu ditu Jauregik bere baserri ondoan, Ur mara izenez bataiatu duen lekuan. Zenbait eginkizun periferiko sustatu, ikertu eta zabaltzea du xede egitasmoak, eta horrez gain ingurunearekin zerikusi duten zenbait lan eta ekintza bultzatzea. Baina Ur mara hori baino gehiago da. Artista gipuzkoarrak artearekiko eta munduarekiko duen ikuspegia hobeto ulertzeko gunea ere bada. "Arteak ez du ezertarako balio, baina hortan datza bere balioa", dio alkizarrak hitzekin jolastuz. "Hori ulertzeak arte-merkatutik at lan egiteko aukera ematen dizu, gaur egun arte mundua gezurrez beterik baitago". Hori bai, bere iritziz "artea ez da inoiz desagertuko", baina uste du "ez genituzkeela banandu behar artea eta natura". "Gizakiok ez gara deus, eta hori da ulertu behar duguna. Gure egoak isolatu egiten gaitu. Finitoak gara eta hori onartzen ez dugun bitartean krisi betierekoan egonen gara", ziurtatzen du.

Jauregik asko estimatzen du isiltasuna, "produktu iraultzailea" dela dio, norbere buruarekin hitz egiteko baliagarria den neurrian: "Hori gogorra izan daiteke, baina hainbeste zarata dagoen mundu honetan iraultzailea da dudarik gabe". Sentitzeko eta ikusteko ahalmenak gutxietsita daudela salatzen du alkizarrak, eta neurri batean hezkuntza sistemaren errua ere badela dio: "Irakasteko modua krisian dago, eta hori esparru ezinbestekoa da gizarte kritiko eta erreflexiboa nahi badugu. Badakigu idazten, badakigu irakurtzen, baina ez dakigu ez zer idazten dugun ez zer irakurtzen dugun, eta horrela daukagu gizarte autista bat".

Jauregi Alkizan bizi da, paisaia ederrez inguratuta. argazkia: i. azurmendi

biografia laburra

l 1976. Parisera eginiko bidaia batekin sartzen da arte munduan, gazteen lehiaketa bat irabazi ostean.

l 1986. Nazioarteko sinposio batera bidaiatzen da, Bulgariar Artista Elkarteak gonbidatuta.

l 1997. Italian urtebetez, Gipuzkoako Foru Aldundiako beka bati esker.

l 1990. Chillidak Zabalaga Beka ematen dio.

l 1996-2000. Insel Hombrich Museum-ek (Alemania) gonbidatuta, 'Artea Naturari paraleloan' proiektuan parte hartzen du.

l 2007. Banakako erakusketa Guggenheim Bilbao Museoan.

l 2010. Giza sorkuntzak eta natura uztartzen dituen gune esperimental bat sortzen du (Ur mara proiektua).

-Bere lanak museo eta bilduma ezberdinetan aurki daitezke, hala nola Alemaniako IKB Banku Industrialean, Insel Hombroich Museum-ean, Würth alemaniako museoan, Japongo Hyogo Prefecture-an edota Guggenheim Bilbao Museoan.