Bilbo. Kontraesana badirudi ere, literatura beroena epel dabil. Hala deskribatu du Edorta Jimenezek (Mundaka, 1953) euskarazko liburu erotikoen salmenta. Dena den, erotismoak paperezko liburuaren etorkizuna bermatuko duelakoan dago idazlea.
Euskarazko literatura erotikoa 'boom' bat bizitzen ari da egun?
Liburu erotikoen salmenta ez da eskandaluzkoa, baina badira hainbat titulu ondo-ondo saltzen ari direnak. Edozein kasutan, ez da pentsatzen den beste saltzen. Prentsan irakurri nuen Orgasmus liburuari buruzko artikulu luze eta iraingarri bat, non fenomenotzat hartzen zuten eleberria bakarrik salduenen zerrendan ageri zelako, baina horrek ez du esan nahi fenomeno bat denik. Salbuespenak salbuespen, salmentak ez dira ez bero ez hotz: epel. Bestetik, literatura salgarria egin nahi bada, badirudi ezinbestekoa dela sexu nahiko bortitza agertzea.
Erraza al da erotismoa lantzea euskarazkoan?
Hizkuntza komunitate txikietan zaila da erotismoa lantzea, eta gurea, esan dezagun, txikia da. Hortaz, beti ari gara ea hau nor ote den, nor ote den bestea, zergatik egin duen honako hau, zergatik bestea... Hain zuzen, muga hori urratzen saiatu naiz Stock 13 lanarekin. Hots, gizarte lotsari aurre egitea nahi izan dut. Esaterako, liburuko azalean elementu sexual bat jartzen baduzu ez duzu erraz izango, zen-tsura hor dago... Liburuko azalen gaineko zentsura izugarria izan da historian zehar...
Zehatzago azaldu, mesedez.
Gai batzuk tabuak dira eta zentzu horretan Ameriketako Estatu Batuetako eredurantz goaz, non umeek ikusi dezaketen guztia zaindu behar den -baita liburuko azalak ere!-, haientzako mingarriak edo kitzikagarriegiak izan ez daitezen. Nerabeen kulturan bizi gara, hau da, puritanismoaren, kontrolaren kulturan. Eta hori guztia AEB-etatik datorkigu. Hala ere, horrek ez du esan nahi gero, era ezkutuan edota leku berezietan, giza eskubideen aurkako pornografiarik bortitzena ez jasatea aldi berean. Hori bai dela fenomeno inportantea. Gaur egun pornografia interneten dago dohanik. Era berean, erotismoa topatzea oso erraza da. Lehen, pornografia edo sexu idatzia norberaren bakardadean porno-ariketa batzuk egiteko lagungarri zen. Orain, aldiz, hainbat euskarri ditugu horretarako: internet, telefono mugikorrak... Horrek guztiak zaildu egiten du literatura erotikoa.
Eta nola erraztu genezake orduan?
Bai Stock 13-n eta bai Basa gurina obraren hitzaurrean saiatu naiz pornografia eta erotismoaren arteko uztarketa egiten, beti ere hizkuntzari balioa ematen, alegia, ikusentzutekoek ematen ez dutena idatzizkoan betetzea, balio erantsi horrekin hornitzea. Hori eta kontakizun erakargarriak eskaintzea, jakina.
Literatura erotikoaren irakurle tipo bat bereziko al zenuke?
Heziketa sentimentala, nolabait esan, bizitzan egiten dugun ibilbide bat da, 11-14 urterekin has daitekeena eta beti ere bakardadean egiten dena. Zentzu horretan, neska gazteak dira gehienbat jakingura hori agertzen dutenak, eta genero honetako liburuak erosteko ere ausartagoak dira mutilak baino. Durangoko Azokan egiaztatu izan dugu joera hori.
Azoka aipatu duzula, datorren edizioan Basauriko Euskarabila Elkarteak bultzatutako lehiaketaren ipuin erotikoen bilduma berria aurkeztuko duzue, ezta?
Hori da gure aurreikuspena, bai. Azken urteotako sariketetan irabazle nahiz izendatu suertatu direnen ipuinak bildu eta argitaratuko ditugu. Nabarmentzekoa da partaideek oso lan politak egiten dituztela, gainera parte-hartzea gero eta handiagoa da eta era berean, emakumezkoen partaidetza gero eta nabarmenagoa da ere bai.
Zure aburuz, literatura erotikoa gazteria irakurtzera hurbiltzeko 'estrategia' on bat izan daiteke?
Izan daiteke, bai. Benetan pozgarria da gazteak literatura honi borondatez hurbiltzea. Finean, zer abantaila du liburuak? Bada, norberaren lagun ezkutua da, are gehiago liburu erotikoa. Zerbait oso pertsonala da, norberak bere poltsikoan daramana, edo gau-mahaian duena... Liburuaren etorkizuna hortik etorriko dela uste dut. Liburua bera erotikoa da, objektu gisa. Zentzu horretan, paperezko alea fetitxismoaren arloan sartuko da laster.
'Stock 13'
Edorta Jimenez. Txalaparta. 117 orr., 16,25 euro.
Idazlea bera eta beste pertsonaia batzuk txortan eta berbetan dabiltza; sexua ahotan hartuz eta sartuz. Haiekin nahastu ditu Jimenezek James Joyce, Nora Barnacle, D.H. Lawrence, Corín Tellado, Henry Miller, Mickey Rourke, R.L. Stevenson, Jacques Cousteau, Benito Lertxundi, Miles Davis, Rocco Siffredi...