HABANA. Stalin hil zen egun berean jaio izanak erantsiko zion berezitasunen bat argazkilari behenafartarrari. Sendotasuna agian. Profil zorrotza eta sudur zanpatua, bizarra ondo moztuta, zimur gutxi ba-tzuk begi ertzetan,... eta habano potoloa eskuan, atzamarren artean erabiltzen duela, jostagarri bat bailitzan. Jose Goitiak ibilbide oparoa du kazetaritzan eta, batez ere, argazkilaritzan. Mundu erdia ezagutu du ofizioaren eskutik, baina gauza guztien gainetik eta "ezinbestez" euskal gauzari lotuta dagoela aitortzen du.
Jaiotzatik izan duzu profil nahasi samarra.
Parisen sortu nintzen, istripuz. Baina ez, ez naiz frantsesa. Familia parte bat Gabiriakoa daukat, gainera. Etxean beti egin izan dugu euskara. Orain gutxi eta gaizki egiten dut, baina ez dut galdu. Nire euskara da gauza arraro bat, euskara batu bat euskara batua asmatu aitzin.
Kazetaritzara ere istripuz ailegatu zinen.
Kazetaritza ez nuen ikasi eta oraindik ez dut ikasi (barreak). Hasieratik pentsatu nuen langilea izatea, baina militante bezala, sindikalismoan eta abar. Beti euskaldun giroan mugitu izan naiz, abertzaleen artean. Niretzat biak dira bat, euskaldun izatea eta abertzale izatea. Apur bat maldizionea ere bada.
Maldizioa?
Bai, zama hori eraman beharra... Astuna izaten da. Badirudi euskalduna arazoa dela leku guztietan.
Euskaldun ezkertiarrez ari zara?
Ezkertiar kontsideratzen naiz, baina oso kritikoa naiz. Borroka armatuari buruz, esaterako, beti izan naiz oso kritikoa. Franko hil ostetik, jakina. Nik uste nuen denborarekin borroka armatuak herriarekin kontaktua galduko zuela, eta begira.
Argazkigintzara bueltatuz, zelan hasi zinen ofizioan?
Familiako batek Roleflex fabrikan egiten zuen lan eta nik beti izaten nuen kamara bat ondoan. Gero, Iparraldean, sindikalista moduan nenbilela asko erabili nuen. Enbatarekin, Eginekin eta Liberationekin hasi nintzen. Garai horretan egin nuen bidaia luze bat Ameriketara, eta argazki-lan handi bat egin nuen, Amerikanoak, hango Euskal Etxeak bisitatuz. Euskal gauzak eraman nau leku batetik bestera; horri lotuta nago ezinbestez.
Gero etorri zen Txomin Iturberen heriotza. Zure bizitzan mugarri bat.
Bai. Liberation kazetan egin behar nuen portada, Txominen artxibo irudi batekin. Baina Chernóbileko istripuak kendu zion portada Txomini. Hala ere, Liberationek jarraitu zuen nirekin kontaktuan. Ostean, Bilboko uholdeak izan ziren eta lan txukuna egin nuen han.
GALen erasoek markatutako urte latzak ere bizi izan zenituen.
Euskal gauzetan nenbilela izan zen hori. Guk GALeko paper batzuk aurkitu genituen polizia-etxe bateko zabortegian, eta Interviu aldizkariari eskaini genizkion. Zarata asko atera genuen horrekin, eta handik gutxira Amedo atxilotu zuten. Gero, 1985ean, Associated Press (AP) agentziarekin hasi nintzen lanean.
Afrika, Irak eta beste hainbat leku bisitatu ondoren, nola amaitu zenuen Kuban?
Istripuz etorri nintzen Kubara, 1990ean, Munduko Pilota Txapelketara. Hemen izan ginen, aste bi mozkortzen eta azken astean lan txiki bat egiten pilotari buruz. Istorioak sari bat irabazi zuen, eta hortik aurrera urtean bizpahiru aldiz etortzen hasi nintzen, eta azkenik deliberatu nuen eskatzea bisa iraunkorra. Kanadian Press agentziaren bidez egin nuen hori, eta AP-ekoak aho zabalik geratu ziren, orduan Kubak bisa gutxi ematen zuelako.
Zerk erakarri zintuen?
Kuban gertatzen den edozer publikatzen da hurrengoko egunean, eta hori ez da gertatzen beste herrialde batzuekin. Gero hemen ezkondu nintzen, alaba bat daukat...
Aldatzeko asmorik bai?
Egunen batean bai. Nire ideia litzateke erdizka egitea, hemen denbora bat eta gero uda Euskal Herrian.
Argazkilaritzan badago objektiboa izateko modurik?
Nik betiko begirada kritikoa mantentzen dut, hau da, nire ikusmoldea eman nahi izaten dut argazkietan.
Gaitza da erabat objektibo izatea.
Gezurrik ezin da esan, d'accord. Baina egia mila modutara esan daiteke.
Bere kabuz dabilen argazkilariarentzat garai txarrak dira?
Bai, enpresa handi batzuen menpe dago argazkilaritzaren artxibo guztia. Getty eta Corbis, horiek dute egiaren copyright delakoa.
Baina zure bezerorik onena 'New York Times' da. Ezkertiar bati ez dio horrek kontraesanik sortzen?
Tira, ez dut esango egunkari ezkertiarra denik, gutxiagorik ere. Gustatzen zaidan gauza da oso profesionalak direla, ondo kontrolatzen dute argazkiaren nondik norakoak, eta munduko kazetarik onenetakoa da.
Artxibo izugarria izango duzu, ezta?
Bai, baina artxiboa memoria da, eta memoria garrantzia galtzen ari da. Kazetak gero eta artxiboko argazki gutxiago sartzen dute.
Atzera begiratzeko gogorik ez?
Jendeari ez zaio gustatzen, ez.
'Euskal gauzarekin' batera, Afrikak pisu handia izan du zure ibilbidean.
Han ezagutu nuen bizitzak zein balio eskasa izan dezakeen. Nire ondoan hil zuten bat, eta nik ez nekien tiro batek zer egiten zion gorputz bati. Uste nuen pelikuletan bezala alde batetik sartu eta bestetik ateratzen zela. Baina ez, norbaiti tiroa ematen diotenean entzuten duzu hezur guztiak apurtzen ari direla, eta hori da kriston inpresione txarra. Nik hori inori ez diot en-tzun kontatzen.
Urtero joaten zara Euskal Herrira. Distantziatik zelan ikusten duzu iaz zabaldu zen aro berria?
ETAk deliberatutako tregua, berantiarra bada ere, gustatzen zait. Nik nahi nuke ikusi orain zer gertatuko den hurrengoko gobernuarekin. Eta Estatu espainolean eta frantsesean ere bai, krisiak zer eragingo duen.
Abertzaletasuna krisian ikusten duzu?
Euskal gauzaren krisiak jarraitzen badu, indartsu aterako gara. Begira, nik badaukat teoria bat: euskaldunok porrotean gaudela eroso. Gustatzen zaigu izatea beti menperatu edo rebelde bezala, eta rol horretan guk gure gauza salbatu eta zain-tzeko kapazak bagara. Garaile izan bagina desagertuta geunde aspaldi.
Habanan euskaldun ugari bizi da. Elkartzen zarete?
Bai, baina azken urteotan euskaldunok Espainia eta Kubaren arteko hartu-emanetan beti izan dugun leku historikoa galdu dugu. Katalanek, asturianoek, galegoek... badituzte ostatuak, elkarteak... Guk ez daukagu ezer. Kuban beti kontu handiz ibiltzen dira euskal gauzarekin. Ez daukagu Euskal Etxerik, hemengo Centro Vasco pailasada bat da. Orain, Toki-onan nahi genuke zer edo zer egin. Ikusiko dugu.