Orio. Gabonetako parafernaliatik ihes egin eta egunerokotasuneko gorabeherei berriz heltzeko gogoa du Benito Lertxundik (Orio, 1942). Betiko legez ospatu zuen ostiralean bere urtebetetzea: adiskidez inguratuta, bere jaioterri kuttunean. Errege eguna izanda, opari bat dakar soinean oriotarrak: udaberrira aldera hamar abestiz osatutako diskoa kaleratuko du.
Zure urtebetetzea izateaz gain, Errege magoen eguna ere bazen... Oparirik eskatu al zenun?
Kontu hau ere ez zait gehiegi gustatzen, badirudi dekreto egun bat dela, hots, zerbait oparitzea obligazio bat dela dirudi, eta niri askoz hunkigarriagoa iruditzen zait espero ez duzunean opari bat jaso-tzea. Gauza bera gertatzen zait opariak nik neuk egin behar ditudanean. Inpulsoaren arabera oparitzen dut, garaian garai.
Laster opari bat egingo diezu zure jarraitzaileei disko berriarekin. Zelan daramazu zuren azken lana?
Diskoaren oinarriak ari naiz prestatzen etxean, hau da, gauzak bere tokian jartzen ari naiz. Hil honetan estudioan sartzeko asmoa dut, eta bertan hilabete pare bat emango ditut.
Eta lan honen kontzertu birarik aurreikusi al duzu dagoeneko?
Bai, diskoa argitaratu eta udaberriaren sarreran etorriko dira kon-tzertuak Donostian, Bilbon, Gasteizen, Iruñean, Biarritzen... Hiriburuak egin ostean beste herrietan barrena ere arituko naiz.
Dena den, zure abesti berriak jendaurrean aurkeztu dituzu jada.
Hala da. Diskoak bilduko dituen 10 kantuak aurkeztuak ditut dagoeneko. Abenduan kontzertu bat antolatu nuen Orion, baina afoniko geratu nintzen eta bertan behera utzi behar izan nuen. Ondoren, Igorren aritu nintzen eta horren bueltan, berriz itzuli nintzen nire jaioterrira kantaldi berri batekin.
Kaleratzear duzun disko berri honekin mezu jakin bat igorri nahi izan duzu?
Diskoa bera baino, abesti bakoitzak nolabaiteko proposamen bat gordetzen duela pentsatzen dut. Kanta bakoitzak letra bat du, eta era berean, letra horrek intentzio bat du, zeinak musikarekin nahiz giroarekin hornitzen ditudan... Azken emaitza abestia bera da, eta horri beste batek jarraitzen dio, horrela hamar kantu biribildu arte. Disko honi buruz zerbait esan behar badut, burutapen ezberdinez osatutako sorta dela esango nuke, ñabardura batzuen mapa bat dela esan genezake. Finean, disko bat ibilbide baten emaitza da.
Noizbait esan duzu zure kantuekin ezin duzula gozatu. Kreazio prozesuak ekaiztsua izan behar du beti halabeharrez?
Kuriosoa da, baina azken lan honekin ez da hala izan. Aurreko albumei ekin nienean, nagikeriari aurre egin behar izan diot, eta nagikeria horrekin batera nolabaiteko beldurra ere nahasi ohi da. Izan ere, jendaurrean biluztea bezalakoa da. Kasu honetan, haatik, inoiz bezala disfrutatu dut kreazio prozesuarekin. Abestiak nire hormatik oso erraz atera zaizkit, hots, modu oso naturalean sortu ditut, bihurrikeria handiegirik gabe. Eta horrek inpresio ona eman dit. Abesti bati konponketa gehiegi eta artifizioak sartu behar dizkiozunean ez da seinale ona.
Orainaldian bizitzen den horietakoa zaren arren, 70 urte betetzea ez al da une ona bizitzaren balan-tzea egiteko?
Egia esatearren, nik ez dut nire bizitzaren inbentariorik egiten, ez naiz iraganeko oroitzapenetan murgiltzen. Zorionez, aspaldi ohartu nintzen bizitza une hau dela. Gainontzekoa soinuaren erreberberazioak baino ez dira. Memoria dugunez, gure oroitzapenak kajoitxoetan ditugu gordeta. Baina, berez, ez dira existitzen.
Orduan, zer dira oroitzapenak?
Gizakiaren kontabilidadea. Izan ere, oroitzapenek ez dute zerikusirik errealitatearekin. Hau ulertzeak izugarri bizkortzen du gogoa, izaera.
Zergatik ba?
Bizitza une hau eta ez beste zer dela jakitean, gizakiak denboran zehar daramatzan tragedia, drama eta bizitza ostean zer ote dago? gisako beldur horiek guztiak bat-batean desagertzen dira. Jakina, geroa ez badago, iraganik ere ez da. Beti da oraina, hots, pasatzen ari den guztia oraina da. Halaber, orainean egoten dakiena beti egongo da. Une honi egon behar dugu adi, horixe da garrantzitsuena. Jakinduriaren iturria oraina bereiztean datza.
Baina akaso ez al da egungo gizartea 'carpe diem' filosofia eta 'bizitza motza da' gisakoekin apur bat obsesionatuta?
Sasi-ulermenak esanarazten dizu bizitza motza dela. Baina bizitza ez da ez luzea eta ez motza. Gure mundu psikologikoan denboraren kontzeptua ezartzea okerra da. Denbora gizakiak sortutako ilusio bat baino ez da.
Argituko al duzu hori, mesedez?
Esaterako, pertsona batek kirolari on bat izan nahi badu, nola jakin dezake hori? Bada, olinpiada bat egin beharko da, egitura eta arau jakin batzuekin. Horrela, marka hoberena lortzen duen hori kirolari hoberena izango da, eta ospea lortuko du. Baina hor bukatzen da guztia, horixe baita helburua. Gizakiaren dibertigarri bat baino ez da, entretenimendua. Baina ildo horretatik neurketa psikologiko bat ere eman zaigu. Esaterako, Jainko bat dagoela esateaz gain, beste bizitza bat ere badagoela esan digute, eta hori nolakoa den ere bai. Motoa saldu egin digute, mendez mende. Metafora oso polit batekin azal daiteke hau guztia...
Aurrera.
Ikasleak galdetu zion behin irakasleari: "Maisu, zu jakintsua zara, ezta?". Baiezkoa eman zion irakasleak, eta orduan ikasleak berriz: "Jakintsua zarenez, esaidazu zer dagoen hil eta gero". "Ez dakit", erantzun zion orduan irakasleak. "Nola ez ba?", harrituta zuzendu zitzaion umetxoak. "Bada, hilda ez nagoelako". Beraz, bizitzaren geroari buruzko mito eta tontakeria guztiak fribolidadeak baino ez dira, buruarinkeriak. Hala ere, gizakiak bizitza motza da gisako kontuekin entrenatu da, eta hori gure gogoaren osasunaren kontra doa.
Gauzak horrela, zer egin daiteke buruarinkeria horretatik ihes egiteko?
Inork ez dauka horretarako errezetarik. Istorio guztietan salbatzaileak ageri ohi dira, baina gure gogoa salbatzeari dagokionean, hori besterenezina da. Inork ezin gaitu salbatu. Ezinezkoa da. Norbera bere burua salbatu dezakeen bakarra da, eta hor ez dago maisurik. Maisua barnean daukazu, zugan dago. Dena dago zugan. Ildo horretatik, ulermena bera da salbamena. Jakina, eman zaigun kultura desordenatzaile eta kaxkar guztiaren garbiketa egin behar genuke. Horretarako, batek ezinbestean izan behar du kontzientzia izaera bat.
Eta nolakoa izan behar luke kon-tzientzia izaera horrek?
Kontzientzia hori askatasuna bera da. Baina askatasunak ez du nahi esan nik nahi dudana egin ahal izatea, baizik eta neu neroni galdetzea zer den nahi dudana.