ASKOTAN esan ohi denez, denbora tarte zabal bat pasa behar da gertakari baten nondik norakoak ulertzeko. Urteen joan-etorriak ematen duen ikuspegi zabalagoa ere mesedetarako omen da, sor-tzaile baten ekarpena aztertzeko. Juan Gorostidik (Altza-Pasai Antxo, 1956), baina, ez du gomendio horretan nahitaez sinesten. Nahiago du erreferente izan dituen horien lana aztertzea eta balioestea. "Utziko ditugu 100 urte pasatzen arkeologo bat etor dadin eta esan diezagun: hemen genio bat zegoen eta ez zenioten kasurik egin?"

Planteamendu horretan oinarritu du Gorostidi altzatarrak bere lehen liburua, Lau kantari. Beñat Achiary, Mikel Laboa, Imanol Larzabal, Ruper Ordorika saiakera, Pamiela argitaletxeak kaleratu berri duena. Urte askotan euskal kantagintzaren fruituak eskuratu eta dastatu ondoren, Imanol eta Mikel Laboaren heriotzek bultzatu zuten bere pentsakizunak liburu batean jartzera.

"Lau mugarri" aukeratu zituen, haien lanaren inguruan gogoeta egiteko. "Horrek ez du esan nahi besteak gutxiesten ditudanik, ezta gutxiago ere", garbi utzi nahi du. Baina Gorostidirentzat inportanteenak lehen aipatutakoak dira, Xabier Lete liburuan zehar hainbatetan aipatzen bada ere. "Nahi badugu gogoeta sakon bat egin eta daukaguna estimatu, sakonera jo behar dugu, irizpide objetiboetara", argitu du.

Galbahe horretatik pasa ondoren, "euskal kantagintzaren urrezko aroko" lau izen nabarmen horiek hautatu ditu Gorostidik, eta haien inguruan gogoetak plarazaratu, kapitulu motzez osatutako saiakera iradokitzaile batean.

XX. mende amaierako euskal kantarien aparraldiaz ere hainbat ikuspuntu berri ematen ditu, baita ere, Lau kantariren autoreak.

Sortzaile belaunaldi horretaz zerbait nabarmentzekotan, "herrikoitasuna eta abangoardia" uztartu izana nabarmentzen du. "Chillidak eta Oteizak hori egin zuten, esate baterako, baina baita musikariek ere. Mikel Laboa herri kantari bat da eta aldi berean esperimentatzaile bat". Bere esanetan, Euskal Herriak "urrezko belaunaldi" bat ezagutu du XX. mendeko azken hiru hamarkadetan, "artearen arlo guztietan". "Oso zaila da horrelako beste garai emaritsurik errepikatzea", borobildu du.