donostia. Juan Gorostidik ere euskal kantagintzaren mugarrietako baten gisa ikusten du Ruper Ordorikaren Hautsi da anphora (1980) diskoa. Ordurako hasia zen rockarekin lotutako belaunaldi berri baten eta aurrekoen arteko haustura bat, eta Oñatiko musikariak tendentzia haiek "bereganatu" zituen. Baina ez hori bakarrik.

"Ruperrek bide hori guztia egin zuen izugarrizko mailarekin eta nabarmenkeriarik gabe. Ez da eszenario batean botilakadak botatzen hasten. Hautu artistiko bat egiten du, izugarrizko mailarekin gainera", azpimarratu du Juan Gorostidik.

Hautsi da anphora bilduma berri-tzailea izan zen 1980ko hamarkada hasiera hartan. Kantagintza politikoaren aroak bere dizdira galdua baitzeukan ordurako eta oraindik ere Rock Radical Vasco delakoaren eztanda gertatzear baitzegoen. Tradizioa eta rocka uztartzen zituen lana kaleratu zuen Ordorikak. Ikutu moderno batekin, gainera.

Horretan berebiziko garrantzia izan zuten, Gorostidiren iritziz, abestietarako aukeratutako letrek. Atxagaren Etiopia liburuko olerkietan oinarritu baitzen abeslaria. "Heldutasun handia" erakutsi zuen Ordorikak, autoreak aipatu duenez, "haustura garrasirik egin gabe" egin daitekeela erakutsiz.

Baina Gorostidik ez du bere solasean -ezta bere liburuan ere- Ruper Ordorikaren lanek duten "kalitatea" goraipatu gabe utzi nahi. "Fenomeno oso gurea da, bai, baina nazioarteko mailan koka daitekeena", zehaztu du.