bilbo. Bide desberdinak aukeratu zituzten arren, biak murgildu ziren buru-belarri zinemagintzan. Henri D'Abaddie Buenos Airesen jaio zen (1897), baina bere familia Hendaiakoa izaki, lotura estuak zituen Euskal Herriarekin. Aitonak egindako dirutzak bizitza oparoa eskaintzen zion Henri gazteari (ondasun itzelak zituzten Hendaian zein Baigorrin bertan), baina mutilak familiaren gonapetik alde eta beste bide batzuk jorratu zituen.

Arkitektura ikasketak amaitu eta Lehenengo Mundu Gerrak harrapatu zuen bete-betean. Borrokan erakutsitako ausardiagatik Ohorezko Legioa saria eman zioten, baina eskuin besoa baliogabetuta geratu zitzaion. Dena albo batera utzi eta Hollywoodera egin zuen jauzi, hango pertsonaia ospetsuenetakoak ezagutu zituela, tartean Charles Chaplin bera.

Hainbat film egin zituen 20ko hamarkadaren hasieran. Honatx ezagunenetako batzuk: Service of ladies; A Woman of Paris, Serenade edo Dry Martini. Dotore zebilen D'Abaddie saltsa horretan, baina dirudienez harroputza eta burugogorra ere bazen, eta estudioetako ugazabekin arazo handiak izan zituen. Espainiar estatura etorri behar izan zuen eta La Traviesa molinera (1934) izan zen garai horretan zuzendu zuen lanik onenetakoa. Zinemarekin batera jokoa ere maite zuen Henrik, eta Monte-Carlon hil zen azkenik, 1968an. Sosik gabe zegoen eta familiaren hilobian ehortzi zuten, Baigorrin.

Julian Ajuriakoak ere D'Abaddieren nahiak eta ilusioak zituen, baina arratiarrak hobeto profitatu zituen bere aukerak. Ekoiztetxe bat sortu zuen eta dokumental ugari ekoiztu zuen (Morte civile, Cavallería rusticana...). Gero, bere pelikulak erakusten zituzten zine aretoak erosi zituen, negozioa erabat biribilduz. Hollywooden ere ibili zen Ajuria, eta han ikasitakoak Argentinan erabili zituen gero, modu onez. Zine mutuaren artisau eta mireslea izan zen arratiarra, eta bere inperioak duela gutxira arte iraun du.

Julianen biografia Alberto López Echevarrietak idatzi zuen (Julián de Ajuria, una vida de cine) eta D'Abaddierena José Luis Borauk (Caballero D'Arrast).