Euskara sarean jostea. Horixe da Azkue Fundazioak duen xedea. Jadanik 5.400 jarraitzaile ditu Facebook sare sozialean, eta bere Interneteko atariak (www.azkuefundazioa.org) gero eta bisita gehiago jasotzen ditu egunero. Sarean presentzia hori sustatzeko asmoz, eduki digital erakargarriak eta erabilgarriak ekoizteari ekin diote elkarteko kideek. Mundu digitaletik harat, Durangoko Azokan ere izan dira fisikoki.

Azkue Fundazioko zuzendariak, Rodrigo Gartziak, egitasmoaren ildo nagusiak aurkeztu zituen atzo areto nagusian. Azaldu zuenez, beren filosofia jakintza librean eta ezagutza partekatzean oinarritzen da. Honela bada, Creative Commons lizentzia darabilte, hots, edukiak eskuragarri daude, autorearen izena aitortzen den heinean. Gartzia produkzio modu honen defendatzaile sutsua da: "Euskara altxor bat da, bai, baina giltzapean izatea alferrik da", adierazi du.

Ildo honetatik abiatuz, Euskararen Etxeko eduki guztiak sareratu dituzte, baita bere euskal liburutegiko 500 ale inguru ere. Euskararen Etxea Bilbon dagoen euskal hizkuntzaren interpretazio zentroa da eta bertan du Azkue Fundazioak egoitza nagusia.

filosofia

Edukiak doan

Eskaintzen dituzten bestelako zerbitzuen artean, online hiztegiak eta euskarara itzulitako softwarea dira aipagarrienak. Ohiko testu tratamendurako aplikazioez gain -Open Office eta Microsoft Word, kasu- kudeaketarako tresnak, Interneteko nabigatzaileak, baita sistema eragileak ere -Windows, Mac, GNU/Linux-, eskuragai dira. Hori guztia doan, Fundazioak ez baitu ezer saltzeko asmorik, bere filosofiari jarraiki.

Hezkuntza arloari dagokionez, JKlik Katalunian sortu zen ekimenaren aplikazio didaktikoak azpimarragarriak dira. Software librean oinarrituta, multimedia izaerako 185 baliabide didaktikoak bildu eta euskaratu ditu Fundazioak, hala nola: gurutzegramak, buru-hausgarriak, elkarketak, etab. Gartziak aipatu zuenhez, aplikazio onen inguruko "euskal komunitatea eratzea" gura dute. Horretarako, datorren urtean zehar euskal ikastexeetara hurbilduko dira bere baliabideen berri ematera.

Egitez, gazteak dira elkarte honen jomuga nagusia. Zergatik? Teknologia berriak euskara biziberritzeko aukerarik hoberena izanik, nerabeak baitira honen "kontsumitzaile porrokatuak", zuzendariak esan zuenez. Antza denez, 15 eta 24 urte bitarteko %91,7 Interneteko erabiltzaile dira, eta horrez gain, "natibo digitaltzat" hartzen dute talde hau. Horrek esan nahi du Informazio eta Komunikazio Teknologiak (IKT) "modu naturalean" darabiltzatela. Bestetik, euskararen posizioari dagokionez, Google bila-tzailean 40. postuan da eta Wikipedia entziklopedian, aldiz, 45.ean.

Gartziaren ustez, "oso posizio onean" aurkitzen dira, baina lanean jarraitu behar dela gaineratu zuen. Gauzak horrela, eduki digitalen produkzioa handitzeko "2.0 jarrera" hartzea jo zuen egokitzat, hau da, jakinmina, pentsamendu kritikoa eta elkarlana sustatzea. Honen adibide da Iñaki Ugarteburu irakaslearen omenez antolatutako saria, non euskarazko Wikipedia garatzea bila-tzen den.

Durangoko Azokan ezarritako postuan Fundazioaren izaera ludikoena bultzatu da batik bat, aisialdira zuzendutako produktuak nabarmenduz. Honela, ordenagailuetan Kaixo Frankie! bideojokoarekin gozatu dute haurrek. Halaber, Anoetan berriki jokatutako derbia hasi baino lehen grabatutako bideoa ere ikusgai izan da, zeinetan 30.000 bat lagunek euskaren alde abestu zuten.