"Haur kanten inguruan egindako lanarengatik jaso dut estimazio handiena". Horrela laburtu du Imanol Urbietak, denborak eta adinak ematen duen perspektibarekin, ibilitako bideagatik jasotako esker ona. Musikari eta hezitzaile zarauztarra haur-tzaroko soinu bandaren aita baita asko eta askorentzat.
Baina arlo horretaz aparte bada gauza gehiago kontatzeko ere. Adibidez, 1957an musikaren munduan barneratu zela Zarauzko Irrintzi taldean. Edo abesbatza eta musika taldeak sortu zituela, horien artean Oleskariak zortzikote entzutetsua eta Naya orkestra. Garai haietako "oroitzapen" ederra gordetzen duela esan du gainera. "Euskal Herriko txoko askotan kantatu genuen", gogoratu du.
Orokorrean, bere musika gaitasunak haurrengana zuzendu ditu, goi mailako musikagintza alde batera utziz. Anton Abbadia saria jaso zuenean, 2007an, bide hori zenbaitetan "frustrantea" edo "mingarria" gertatu zaiola aipatu zuten hizlariek. "Eskudero izan nuen irakasle", bota du berak, egunkari honi emandako elkarrizketan zabaldutako zirrikitu bat probestuz.
Horrez gain, orain dela hiru urte eskainitako errekonozimenduan, "berritzaile" sena aipatu zuten, baita ere. Zarauztar maisuak "esperientziaren" bitartez ikasi zuela berresten badu ere, ez zuen intuizio makala, 1960ko hamarkadaren amaieran Zarautzen klaseak ematen hasi zenean. Haren ikasle izandakoek gogoratzen dutenez, bost kontinenteetako ibai eta mendiak, historia, matematika... dena abestien bidez irakasten zuen. "Musika bidea da, ez helburua. Nik ez nuen ezer asmatu, asmatuta zegoena ikasketetan aplikatu baizik", esan izan du beranduago. Hori ez ezik, musika haurrentzako eskubidea dela aldarrikatu izan du, baita ideia hori praktikan jarri ere.
Alaitu egiten da bere hiru semeez galdetzean. Hiruretako batek, Joxe Antoniok, aitaren bidea jarraitu du. Eta bera izaten du lagun grabaketetan. Orain, bizitzaren udazkenean, zahartzaroak ez dio sortzen jarrai-tzeko apeta ezabatu. Beste batzuek atseden beharraren aurrean amore ematen dutenean, Urbietak pianoaren teklei eragiten jarraitzen du. Aiton-amonen eta bilobentzako ateratako diskoa horren lekuko. "Gustura nago lan horrekin, emaitza oso humanoa izan delako", laburtu du.