donostia. Patxi Zubizarretak (Ordizia, 1964) hitzak sortu ditu, Joserra Senperenak, musika, eta Thomas Canetek, irudiak. Beraz, Joan izeneko eleberria elkarlanean egindako DVD+liburua da, Txalaparta argitaletxeak kaleratuta. Bere arduradun nagusiek -idazleak eta musikariak- atzo aurkeztu zuten Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean egindako prentsaurrekoan.

Lisboa dekadentean hasten da liburua. Mario protagonistak dei bat jaso du eguerdian. Emakume batek frantsesez esaten dio Joâo anaia gaztea Ipar Euskal Herriko Santa Grazin larri dagoela, eta lehenbailehen Zuberoara joateko. "Mariok zer egin erabaki beharko du: joan, ez joan, edo..." Hala dio nobelaren sinopsiak, bere tituluari keinua eginez.

Egileak adierazi zuenez, bost fado edo kapitulutan banatu du bidaia, eta bakoitza doinu ezberdinarekin jantzi du Senperena piano jotzaileak. Thomas Canet argazkilariak nobelaren protagonistak egiten duen bidai berbera egin zuen, eta Granada, Lisboa eta Zuberoan filmatutako bideo bana egokitu die kantei. Fadoak dira izenez, baina ez dira agertzen ez emakumezko ahotsik, ez Portugaleko gitarrarik. "Piano doinuak dira", adierazi zuen Senperenak.

Horretaz gain, Sendagile gaixoa izena duen bosgarren kapitulua ipuin independente gisa irakurtzea posible da. Zati hori, gainera, audio-ipuin formatuan grabatu du Martin Tejeria esatariak Maddi Oihenart kantariaren parte-hartzearekin.

Patxi Zubizarretak aipatu zuenez, "apustu modukoa" da hitzak, musika eta irudiak batzen dituen proiektua. Salneurria 22 eurokoa da.