Udazken honetan Euskal Irrati Telebistaren barnean eta inguruan sortu diren arazoez oso arduratuta gaude. Hori dela eta erakunde sozialen proposamenez Eusko Legebiltzarrak hautatutako lau kideok gure ardura, kezka eta arrangura agertu nahi dugu.
Euskal hedabide publikoek zerbitzu bikaina eman diote kulturari, oro har eta euskarari bereziki.Gehiengo osoz onartutako 1982/5 Legeak hori agintzen die 3.h) artikuluan. "Kulturaren eta euskararen sustapena, hizkuntza honen erabilera, programazioaren oinarrizko helburuetan txertatuz, kontuan izanik Autonomia Erkidegoan euskaraz zer eskaintza orokor dagoen eta hori orekatu ahal izateko". Eta euskal kultura hori zaindu behar da, gure ustez, gaztelania erabiltzen duten EITBko kateetan ere, hiritar orok, ondare amankomuntzat hartu ahal izateko.
Hortaz landa 3. artikuluak beste zazpi puntutan zehazten dituen printzipioak, irakurriak eta hausnartuak beteko balitu EITBk, nekez uler eta onar daiteke azken urteon Euskadin, erakunde publiko hau ere alderdikeria gatazkarako erabilia izatea. Politikoek, gobernatzaileek eta oposiziokoek, etxe barruan eta, batez ere, kanpoko hedabideetan eztabaida gai garratz bihurtu dute askotan gure erakunde hau, baita ia astero gudu zelai politikoan hizpide erratu.
Areago, azken asteotan EITBko zuzendaritzaren eta langileen arteko zorigaiztozko gatazka batek okerrago jarri ditu gauzak, bai etxe barruko giroan eta inguru interesatuetan. Hori gutxi balitz, argudio ekonomiko edota ekonomiziztak erabiliaz euskal gizartearentzat zer garesti ateratzen zaizkion hedabide publiko hauek mantentzea eten gabe entzuten edo irakurtzen ari gara. Balorapen kritiko hauek ez dira noski inuzenteki agertzen, baizik eta estrategia pribatista baten mesedetan eta, gure kasuan, EITBren eredu publikoaren kaltetan, noski.
Krisi ekonomikoa argudiotzat erabiltzen da, bestalde, autonomia administrazioaren aurrekontuetan murrizketak eskatzeko, ahantzirik, erakundearen helburu eta betebeharrak hain zuzen herri dirutzaz hornitzea ezinbestekoa dela.
Alderdien arteko eztabaida guneetatik landa gauden erakunde sozialok ordezkatzen ditugun Administrazio Kontseiluko kideok, kezkaz eta arranguraz arduratuta gaude gatazka iraunkor egoera honetan zer kalte datorkion hedabide publiko honi. Kalteak hiritargoaren elkarbizitzarentzat, berdin kultura ondarentzat, orobat balore demokratikoentzat.
Arren, herri agintariok, alderdi politikook, libra itzazue gure hedabide publiko hau zuen zilegizko eztabaida demokratikoa alderdikeriazko gatazka leze batera. Otoi, gobernari politikoei, beharrizanei erantzuteko herri diru iturriak ziurtatzea eskatzen dizkiegu, hori bai, beti ere, Administrazio Kontseilu eta Eusko Legebiltzarraren kontrolpean. EITBren zuzendaritzakoei, gertuagotik galdatzen, esijitzen diegu, erantzukizun zuzenagoa baitute eta urrunago egon beharko lukete alderdikerietatik, informazioa eta iritzia bereiztea, zehaztasun politikoa eta historikoa bilatzea eta zaintzea.
Era berean eta une honetan, irrati eta telebistako eskaintza kalitatezkoa izateaz gainera, etxeko langileen profesionaltasunean eta lan onean oinarritu behar dela eskatzen diegu zuzendaritza kideei eta langile orori. Hori bai, profesionaltasun hori komunikabide erakundearen langile legez eta, baita ere, behargin publiko direnetik beraien eskubideak begirune osoz jagotea bermatuz.