Ilun dago. Bidean, tarteka, euria. Eguna esnatzen ari da. Auto askok norabide berbera daramate. Parkingean lau gurpilduna zonalde laranjan atseden hartzen utzi, eta eskaileretan gora eserlekuaren bila.

BECeko pasilloetan jendetza, aretoko atea noiz zabalduko zain. Bi oindun inurri mordoa leku apropos baten bila batera eta bestera. 09.45 zaleentzat ateak zabaldu dituzte. Lehenak, korrika, leku on baten bila (BECen ba al da leku txarrik?). Atzetik datozenak lasaiago doaz. Denontzako dago eserlekua.

Askok motxila bizkarrean hartuta azaldu dira. Bazkaria, "lepoan hartu ta segi aurrera?". Askok baita ogi barrak eta hozkailu eramangarriak ere eskuan dituztela. Ba-tzuk hasi dira saio jaio aurretik sagardo botilak biluzten. Indartsu hasi behar da goizeko saioa. Goiz eta arratsaldeko lehia batek ez du gutxiago merezi. Finala, finala da.

Kafe makina. Ilarak. Ederki sartu da goizeko lehen kafesnea. Bigarrena bazkaldu ostean. Jendea komunera joan-etorrian; lehendabizi hustu egin behar da gero gorputza bertsoz betetzeko. Erne, saioa hastera doa.

"Une ederra pasatzeko aukera da", esan die entzuleei lehen hitzak luzatu dizkien Saroi Jauregik. "Zuen indarragatik aurrera egiten du gure proiektuak", gaineratu du ostean.

"Aretoan ezin da erre", gomendioak zenbat txistu jaso ditu. An-tza, Egañak eta Maiak ez duten oharra "entzun", zigarro bat edo beste erreko baitituzte finalean zehar. "Bertsolariei dena barkatzen zaie gaur; tentsioa gainditzeko modu bat baita", bota du bertsozale batek.

Hasi da erruleta. A, bitxikeri bat. Beste bat. Bertsolaritza izan daiteke ekitaldi bakarrenetarikoa epai-mahaia txaloz saritzen dena. Bai, ezta?

Janzkerak, hots, modak, tenden-tziek, ere badute bere lekua oholtzako pasarelan. Horrekin ere ezin du poto egin bertsolariak. Sustrai eta Ametsak txanodun txupa gorri-gorriaz oholtzaratu dira. Lujanbiok jertse beltza eta alkandora gris bizi-bizia darama. Jon Maia koadrotako alkandora. "Denak dotore", erantsi du emakume bertsozale batek.

BEC da ACB saskibaloi ligako jende gehien aterpetu duen aretoa. Berak dauka errekorra. Atzo beste errekor bat hautsi zen: 14.500 bertsozale. Hurrengoan, zenbat? Hasi apustuak egiten.

Bazkaria. Bertso otordua. Aukera zabala. Pizzak, perritos calientesak... Eta baita zintzurra bustitzeko parada ere. Aretoan, ura, freskagarriak, kalimotxoa?

Espresuki egokitutako guneetan jende asko pilatu da etxetik ekarritako bazkaria dastatzera: termo eta plastikozko platerak barra-barra ikusten dira. Beste kafetxo bat eta eserlekura. Nahiz eta bertsolariak zalearengana hurbiltzen zituen pantaila erraldoiak lo hartu -arratsaldeko saioaren lehen lanean ez zen zuzeneko irudirik ikusi ahal izan- zaleak ez du oholtzako erreferentzia galdu.

Andoni egaña

Bertsoaren "capo"a

Harmailetan ez da pankartarik falta. Esloganak hainbat: Azken portuko aitona hemen eztek inor hi bezain ona!, Egaña joan zen, gu hemen gaude. Gurea da garaipena. Aupa Jon! bezalako mezuak adibidez.

Amaiera badator. Bi finalista. Estasia harmailetan. Azken norgehiagoka hernaniar eta hendaiarra nor baino nor. Txapela Txirrintaren kimuak jantzi du. Xalbadorrenak, beste batean lortuko du.

"Andoni, Andoni?" oihu beroz omendu du entzuleak zarauztarra. Malkoak, oholtzan eta jendartean ez dira urrun. Joxe Agirrek ere, Maialeni txapela janzteaz gain utzi du bere alea. Lau lore. Sari banaketaren ostean azken txalo zaparradarekin, hustu da pixkanaka BEC. Parkingera jaitsi eta atseden hartzen utzitako biribila, goizean esnatzen ikusi dugun eguna, jada, oherako bidean da. Festa Astigarragako Rezola sagardotegian. Hernaniarrek han dute zita lekua. Amets on Maialen.