Bilbao/Barakaldo. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia azken txanpan sartu da eta hilaren 13an Barakaldoko BECen jokatuko den finalerako giroa jada berotzen hasi da. Bertsolaritzaren hitzordurik garrantzitsuenean parte hartuko duten zortzi bertsolariak atzo azaldu ziren prentsaurrekoan eta antolatzaileek saioaren xehetasun guztiak jakinarazi zituzten.

Dagoeneko sarrera guztiak agortuta egotea pozgarritzat jo zuen Iñaki Murua Bertsozale Elkarteko presidenteak; are gehiago, Bizkaia Arenako topera iritsi direla kontuan izanda. 14.500 txartelak saldu dituzte, "iaz baino 1.000 gehiago", eta oraindik ere kanpoan geratuko da jende andana. Finalaren egunean BECeko ateak 9.30ean irekiko dira. Bertsozaleei "garaiz heltzea" eskatu die elkarteko buruak, "ate bakarra baitauka pabilioiak". Atarian, elkarteak berak prestatutako aldizkaria banatuko dute antolatzaileek, informazio, iritzi artikulu eta irudiez betea. 11.00etan hasiko da goizeko saioa eta 16.00etan arratsaldekoa. Eguerdi aldera, bazkaltzeko denbora izango da. "1.600 lagunek erosi dute bazkaltzeko txartela", zehaztu zuen Muruak, "baina 300 leku gehiago egokituko ditugu bazkaria etxetik eramango dutenentzat".

Bestalde, Joxe Agirre bertsolari azpeitiarra izango da aurtengo txapeldunari txapela jarriko diona. "Bertsolaritzan zubi lana egiteagatik aukeratua izan da Joxe", argitu zuen Muruak. "Finalean kantatuko duten zortzi bertsolariekin ibilia da plazetan eta bertsolari gazteekin abestera ohituta dago".

Txapeldunak argi dauka "egun pasa egitera" ez dela joango finalera. "Ahal den neurrian prestatu egin naiz, eta sentsazio ona dut. Martxan dagoen trenaren erritmoa hartzeko gai izango naizelakoan nago". Aurtengo txapelketa jarraitu du lau aldiz irabazle suertatu den bertsolari gipuzkoarrak. "Internet eta irratia erabili ditut eta kanpotik ikusita,bertsolariek maila eman dutela esan dezaket".

"Finalerdian pixka bat beldurtuta hartu nuen parte, aurreko maila oso altua zela ikusita", aitortu zuen laugarren finala bizi izango duen bertsolariak. "Finalistak zortzi autore gara. Senti-tzeko, adierazteko eta kantatzeko zortzi modu ezberdinekin. Taldea gara, baina izateko era propioa dugu. Ni, finala dela jakinda, gozatzera eta jolastera etorriko naiz Barakaldora, zor baitiogu".

Emakume bakarra izango da finalean. "Betikoa eman arren, nire asmoa barruan ditudan ideietatik gertu ibiltzea izango da. Bide horretan ahalik eta hurbilen ibiltzea. Ahalik eta ondoen eta finen abestu nahiko nuke. Txapelketak duen garrantziaz jakitun gara. Euskarari, bultzakada txikia bada ere, ematen diogu. BECeko azken saioa horren erakusle hoberena izango da".

"Teatro grekoa eta erromatarra bezala bizi izan dut Txapelketa. Bi saio eta bi sentsazio oso ezberdin. Tragedia eta komedia bezala. Neure buruarekin kontraesanean, kareta bi horiek ikusten ditut baina ezberdin. Gasteizko saioaren ondoren final honetatik kanpo ikusten nuen neure burua, eta ez zitzaidan tragedia bat iruditzen; bestalde hau ez da komedia, gai oso serioa da".

"Martxan zetorren trenaren gainera igotzea tokatu zitzaidan. Hendaian egin nuen lehen saioa eta hori ez dut ahaztuko", aitortu zuen Iparraldeko txapeldunak. "Festa handia biziko da BECeko finalean. Horren jakitun izanda, jaiaren parte izatera eta disfruta-tzera etorriko naiz". Bestalde, bere lurraldeko lana goraipatu zuen. "Bestaldeko garrantzirik eman gabe, bi iparraldetar arituko gara finalean".

Lehen aldiz final handian izan arren, beasaindarrak ez du "beldurrik". "Badakit errespetu eta errespontsabilitate handiagoa zor zaiola entzuleari, azken finean final bat delako. Uste dut txapelketa osoan, lehen fasetik, oso erregularra izan naizela eta finalean neurri bera ematea espero dut". "Niretzako ohorea izango da finala bertotik entzutea eta parte hartzeko aukera ere izatea".

"Ahal dudan guztia egiten saiatuko naiz. Hala ere, osotasunaren zati bat baino ez naizela izango badakit", zioen andoaindarrak. "Oso ondo sentitu naiz txapelketa guztian zehar, neure lekuan aurkitu dut neure burua. Ohore bat da hau guztiaren parte izatea eta sentitzea; ohorea hain urruti ailegatu izana. Finalean ez dut helburu zehatzik izango, bertsotan aritzea baino ez".

Urruñarrak bere hirugarren final handia biziko du. "Bertsotan oso eroso sentitzen naiz. Ni ez nago ohituta saioak irabaztera eta txapelketa honetan bi lortu izan ditut, nahiz eta markak gero oso onak ez izan arren. Bestalde, bertsokide ditudanak larri ikusi izan ditut. Ematen du hau erraza dela eta finalera beti berdinak heltzen direla, baina hemen gaudenok badakigu zein zaila izan den".