Euskal Herriko Unibertsitateko Gogo Elebiduna taldeak Hizkuntza eta elebitasuna zahartzaro osasuntsuan: Hiztegiaren gordetze mentalari buruzko azterketa (AGINGLEXICON) izeneko ikerketa proiektua jarri du abian. Ikerlanak -BBVA Fundazioaren Leonardo beka bat jaso du 2022an- helburu bikoitza du: lehenik eta behin, prozesamendu semantikoak bizitzan zehar izan dezakeen gainbehera aztertzea, hitz jarioa menderatzetik kanpo, eta sare semantikoaren narriadura ez patologikoa bultzatzen duten azalpen aldagaiak identifikatzea, antolamenduari eta aktibazioari dagokienez; bigarrenik, sare semantikoen narriadura progresiboan elebitasunak eta hizkuntzaren erabilera mailak izan dezaketen balio neurobabeslea aurkitzea.

Hala, eta ildo beretik, "mendebaldeko Europako biztanleria esponentzialki zahartzen ari da, eta eraldaketa horrek eragina du bere sistema sanitario, sozial eta ekonomikoan. Prebentziozko osasun arreta eta kolektibo horren gizarte isolamendua saihesteko neurriak hartzea berebiziko erronkak bihurtu dira etorkizuneko gizarteentzat", azaldu zuten EHUtik. "Gure proposamenak erronka horretan lagundu nahi du; hau da, adinarekin lotutako hizkuntza trebetasunen gainbehera eta prozesu horretan elebitasunak joka dezakeen rola kuantifikatzeko moduak ikertu nahi ditu", zehaztu zuen Miren Arantzeta hizkuntzalari kliniko eta taldeko doktoretza ondoko ikertzaileak.

"Zahartze osasuntsuan, hizkuntzaren narriaduraren zeinu dokumentatuenetako batzuk hiztegia baliatzeko zailtasunak dira". Kategoria semantiko espezifiko bati dagozkion hitzak denbora muga baten barruan izendatzeko gaitasuna murriztu egiten da adinaren arabera, eta, horrek iradokitzen duenez, zahartze osasuntsuan oroimen semantikoaren narriadura dago. "Izan ere, prozesamendu semantikoaren gainbehera narriadura kognitibo azkarraren adierazle goiztiartzat hartzen da. Beraz, zahartze osasuntsua aztertzea funtsezkoa da populazio horretan komunikazio eraginkorra sustatzeko, baina baita bizi zikloan garapen osasuntsua eta garapen patologikoa bereizteko ere", esperimentuaren ardura duen ikertzaileak azaldu zuenez. "Proiektua egiteko, 30 eta 80 urte bitarteko 300 pertsona behar dituzte, gaztelaniazko hiztun elebakarrak eta euskara-gaztelania gaitasun handiko elebidunak", azpimarratu zuten. Azterlanean banaka parte hartuko da. 2 ordu inguru iraungo du, eta UPV/EHUko Arabako Campuseko Micaela Portilla ikergunean egingo da.