ueltan da. Berriro antolatu dute Eragiteko janzten zikloaren bigarren edizioa, iaz lortutako balorazio onari esker. Asteartean ospatuko da edizioaren lehen topaketa 18:30ean, Oihaneder euskaren etxean. Gaia Gasteizko euskara jendea. Familia-argazkira nor gonbidatu? izango da eta Geu elkarteko lehendakaria den Irati Iciar Madinabeitiak bideratuko du saioa.

Eragiteko Janzten zikloaren bigarren edizioari hasiera emateko, Gasteizko euskalgintzaren argazki dinamikoa osatzen hasiko dira. Asmoa ez da antolatzaileek argazki osoa ematea, Gasteizko euskalgintzaren datu base baterako oinarria eskaintzea baizik. Saioan bertan, parte hartzaileekin batera osatuko dute argazkia, eta ondoren ere elikatzen jarraituko dute. “Izan ere, honen asmoa ez da une zehatz honetako egoera islatzea, argazki dinamiko iraunkorra eskaintzea baizik”, azaltzen du Oskar Garcia de Bikuñak, bertako den antolatzaile batek. Hori dela eta, aldiro elikatzea da asmoa, Gasteizko euskalgintzaren datu base baliagarria eta gaurkotua izan dadin. Betiere tresna hori euskararen sustapenean aritzen diren talde, elkarte, erakunde eta batzordeen arteko elkarlan eta eraginkortasunerako baliagarria izateko asmoarekin. Helburua, beraz, Gasteizen era ezberdinetan euskararen sustapenaren alde lan egiten dutenen datu-basea sortzea, osatzea (parte hartzaileen ekarpenekin, eta etorkizunean ere iraunkorki) eta gizarteratzea.

Horretaz arituko dira, hain zuzen ere, Eragiteko jazten edizio berri horren lehen saioan. “2021ean hasi ginen otsailetik maiatzera elkartzen, hilean behineko saioetan, euskararentzat etorkizun hobea nahi dugun hainbat gasteiztar. Zenbait saiotan metodologiak ezagutu genituen, beste batzuetan esperientziak, denetan gogoeta interesgarriak”, esan du. “Balorazio ona, aho-zapore goxoa eta gehiagorako gogoa geratu zitzaizkigun iaz. Horiek guztiek ekarri gaituzte aurten Eragiteko janzten izeneko ziklo honen bigarren edizioa antolatzera. Ezagutza, iritziak eta esperientziak partekatzeak aberatsago eta gure helburuetan eraginkorrago egiten gaituelako”, gaineratu du Oskar Garcia de Bikuñak.

Bere azalpenen arabera, argazkian egongo diren eragile guztiek, euskalgintzako eragileak izan ala ez, euskararen alde egiten dute era batean edo bestean. Hau, zenbait eratan eman daiteke: euskara kideen artean, bezeroekin edo bestelako harremanetan sustatzen dituzten eragileak, euskara normalizatzen laguntzen duten entitateak, euskararen arnasgunetzat jo daitezkeenak -bertan gehien-gehienek edo guztiek ulertzen dutelako-, herritarrak euskalduntzen jarduten dutenak, euskarazko funtzionamendua dutenak eta sare sozialak euskaraz elikatzen dituztenak, besteak beste. “Aurkeztuko den argazkia ez da argazki soila izango: Gasteizko euskalgintza eragileentzako baliabide erabilgarri bat izango da, (besteak beste) euskararen alde nortzuk, non eta nola diharduten zehaztuko baita. Hala, Gasteizko euskalgintzaren eta eragile euskaltzaleen datu basea sortuko, (zikloaren parte hartzaileekin) osatuko eta gizarteratuko dugu; eta, ostean ere, aldizka elikatuko dugu, informazio gaurkotua egon dadin”, azpimarratu du.

Euskararen egoera minoritario eta minorizatuarekin kezkatuta dagoen eta hizkuntzarentzat etorkizun hobea nahi duen edozeinentzat izan daitezke interesgarriak saioak. “Zikloa antolatzen ibili garenean espazioen aforoa mugatua zegoen eta horixe kontrolatu behar zenez internetez bete behar den izen-emate fitxategia sortu genuen eta antolatzaileetako baten webgunean kokatu, hau da esteka: https://labur.eus/eragiteko-janzten, hor daude informazio zehatzagoa eta izena emateko fitxategia”, ondorioztatu dute antolatzaileek.