- Gasteizko Elizbarrutitik laguntza eta lankidetza eskatu zuten atzo Arabako familiei, guztien artean, ume zaurgarrienei laguntza eskeintzeko, premiaz lagundu ahal izateko.

Horrela, Gasteizko Elizbarrutitik atzo jakinarazi zutenez, “Araban ume eta nerabe askok ezin dute euren guraso biologikoekin bizi hainbat arrazoigatik, eta, beraz, guztion artean, adingabe hauen bizitza benetako famili giroan garatzea bultzatu behar dugu”, azaldu zuten. Zehazki, hitz horiekin, Oscar Areitio Elizbarrutiko Familien arloko arduradunak datorren larunbatean, hilak 22, 10:30etan Vicente Goicoechea kaleko 5. zenbakiko San Pablo Gelan egingo den hitzaldi informatibora gonbidatu zituen honen inguruan interesa duten familia guztiak. “Haur batentzat garrantzitsua da familian bizitzea”, adierazi zuen. Era berean, azpimarratu zuen garrantzitsua dela anai-arrebei laguntzea, familia batzen jarraitzeko eta banandu behar ez izateko. Ildo horretan, eta jakinarazi zutenez, hitzaldi hori Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeko teknikariek emango dute. Familia Harreran Laguntzeko Programa zehatz-mehatz ezagutaraziko dute. Gainera, harrera-familia bihurtzeak zer dakarren azalduko dute teknikoki eta juridikoki. Hitzordu hori, beraz, familia-harreraren kontzeptua aztertu nahi duten eta zaurgarritasun-egoeran dauden adingabeei laguntzeko urratsa eman nahi duten Arabako pertsona edo familiei zuzenduta egongo da. Gainera, eta ildo beretik, saio horretan babes-baliabide hori, gaur egun Arabako Foru Aldundiaren eskumena dena, “sakon ezagutzeko behar den guztia emango zaie”, azpimarratu zuen.“Familia-harrera alternatiba eraginkorra eta oso onuragarria da arrisku edo babesgabetasun egoera horietarako, bai adin txikikoarentzat, bai harrera egiten duten kideentzat”, ondorioztatu zuen. Azkenik, azpimarratzekoa da hizlariek harrera-modalitateak azalduko dituztela, sei hilabete artekoak, bi urtekoak edo amaiera-datarik gabekoak, kasu bakoitzaren eta presaren arabera. Era berean, foru gobernuak xede horretarako dituen babes eta laguntza ekonomikoen berri emango dute, eta interesdunen edozein zalantzari erantzungo diote.

Informazioa. Hizlariek harrera-modalitateak azalduko dituztela, sei hilabete artekoak, bi urtekoak edo amaiera-datarik gabekoak, kasu bakoitzaren eta presaren arabera, Elizbarrutiatik atzo azaldu zutenez.