Gurasoen eta seme-alaben arteko euskararen erabilera sustatzen jarraitzea aisialdian eta modu dibertigarrian, eta Araban euskarari indarra ematen jarraitzea. Helburu horrekin, Geu Elkarteak jarduera berri bat jarri du abian Gasteizen.

'Haurren aurrean helduok heldu', abian jarri duzuen ekimen berria da. Zertan datza?

-Haurren aurrean, helduok heldu leloa Topagunetik iritsi den Udazken dinamika bat da. Haurren aurrean, guraso, senide zein helduen praktikan eragiteko helburua duen ekimena da, eta umeek espazio formaletatik kanpo euskara entzutea du irizpide. Haurrek ikusi eta entzuten dutenen horretan fokoa jarriz. Topagunetik ideia iritsi zaigun arren, Geu elkarteak hartu du koordinatzearen ardura. Ekimena aurrera ateratzerako orduan, elkarlana bilatu dugu, tokian tokiko eragile estrategikoekin harremanak lotuz. Hemen kokatuko genuke auzoko elkarte zein euskara taldeen lan eta prestutasuna jarduera ezberdinak gauzatu ahal izateko.

Dinamika berria da?

-Udazken dinamika hau, lelo horrenpean berria da, euskararen sustapena urteoro egiten den arren.

Zein da bere helburua?

-Helduenganako ariketa soziala da, beraz, helburua euskara euren ohiko eta ez formal eremuetan erabiltzea litzateke.

Zenbat egunetan egongo da martxan dinamika hori?

-Ekialdeko Parkean edo euria eginez gero Salburuako eskolan, Judimendi (azaroak 27 goizez-Mediko Tornay plazan), Abetxuko (azaroak 27 arratsaldez-Ikastolan), Lakua (azaroak 28-Fausto Iñiguez de Betolaza plazan) eta Olarizu (abenduak 3-Hegoalde gizarte etxeko plazan).

Ekintzak anitzak izango dira: formakuntzak, magia ikuskizunak, gargantuak, kontzertuak, bigarren eskuko azokak... eta abar.

Jarduera honen helburua da gurasoen eta seme-alaben arteko euskararen erabilera sustatzea. Hala ere, familia askotan guraso bakarrak daki euskaraz. Kasu horietan, familia osoak parte har dezake?

-Noski, euskararen erabileraren sustapenarekin eroso sentitzen den edonor joan daiteke. Euskara jakin ez arren euskara hitz egitearen alde egingo duelako, hurrengo belaunaldiek galdu ez dezaten. Hori da gakoa.

Eta euskaraz dakiten baina gutxi dakiten familietan?

-Aipatu dudan bezala, euskara transmititzeko era ezberdinak daude, euskara maila baxua izan arren euskara eremuetan egonda zure haurren edo zure praktiketan eragiten zaude. Euskararen aldeko ekimenetera hurbiltzea ikaragarrizko lana da jada.

Zergatik jarduera hau?

-Egoki ikusten genuen 2022ko Euskaraldira begira auzoekin lan hau egitea. Bestetik, pandemia ostean, jendearen parte hartzea neurtzea garrantzitsua da, baita dinamika berriak egiten hastea.

Euskara dakiten familia askotan ez dela erabiltzen uste duzue?

-Bai. Gasteizen euskararen jakintasun maila ez da baxua, baina erabileraren aldetik zailtasunak daude. Azkenean Arabako egoera berezia da, euskara pixkanaka berreskuratzen joan garelako eta oraindik ere beldurra eta lotsa dagoelako erabiltzerako orduan.

Zein da euskararen errealitatea gaur egun Araban?

-Esan bezala, lotsa eta beldurra oraindik ere nabaritzen dira, baina bestetik, auzoetako euskara taldeen zein euskararen alde egiten duten elkarte zein erakundeen esfortzua mahai gainean jarri behar dela uste dut. Etorkizunari begira, bai herriko mugimenduen lanan bai erakundeen lanan ikusten dut indarra berpizten.