"Gasteiz berriro ere frakingaren mehatxupean dago, EAJk lurraldeak dituenbaliabide guztiak ustiatzen jarraitu nahi duelako. Gorka Urtaranek agerian utzi du Green Capital delakoari buruz duen ikuspegiak zerikusi handiagoa duela Iberdrolaren berde korporatiboarekin jasangarritasunaren eta ingurumenaren babesaren balioekin baino".

Hitz horiekin salatu zuen atzo Araba Bizirik ekimenak ez zegoela ados Gorka Urtaran Gasteizko alkateak Udaleko osoko bilkuran atzo eztabaidatutako mozio baten inguruan hartutako jarrerarekin. "Gasteizko alkateak EAJren proposamen baten aurrean hartutako jarreraren aurrean gure harridura adierazi besterik ezin dugu egin.

Proposamen horrek hiri-antolamenduan udalak dituen eskumenak baldintzatzen ditu, hain funtsezkoa den esparrua izanik eta, zalantzarik gabe, tokiko autonomiari eragiten dio", adierazi zuten. Izan ere, beraien hi-tzetan, EAJk Euskadiko Ingurumen Administrazioaren Lege Proiektuari egindako zuzenketek "posible egiten dute" Eusko Jaurlaritzak azpiegituren edo proiektuen arloan hartzen duen "edozein erabaki udalek har ditzaketen erabakien gainetik egotea".

"Gaur eztabaidarako aurkeztutako mozioak argi utzi du udalak abusu horren aurka duen jarrera eta nola Gorka Urtaranek, EUDELeko presidente izanik, bere alderdiaren diziplinara makurtu besterik ez duen egin", salatu zuten. "Udal talde ezberdinek gaur aurkeztu duten mozioaren helburua toki-erakundeen autonomia zaintzea dela pentsatzen dugu. Hala nola ikusten dugu ere Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak jarraitutako estrategiak mehatxu larria dakarrela".