Arabako Foru Aldundiak eta Euskal Herriko Unibertsitateak Henrike Knörr bekak abiaraztea erabaki dute, Araban euskararen erabilera aztertzea helburu duten ikerlanak bultzatzeko.

"Foru erakundeak hainbat urte daramatza euskal hiztunak eta euskal hiztunen sareak aktibatzen eta Lurraldean euskaraz bizitzeko aukerak bermatzeko baldintzak sortzen laguntzen duten politikak ezartzen", azaldu eta erantsi zuten atzo Arabako Foru Aldundiatik: "Helburu hori lortzeko, funtsezkoa da prozesuari berari buruzko ikerketa bultzatzea, eta, horregatik, EHUrekin lankidetzan aritzea erabaki du, euskararen erabilerari buruzko ikerketa-lan monografikoak eta master amaierako eta gradu amaierako lanen proiektuak sustatzeko deialdia urtero argitaratzeko". Atzo jakinarazi zutenez, deialdi honetan master amaierako proiektuei ematen zaie lehentasuna, baina ikerketarako edo gradu bukaerako proiektu monografikoak ere onartzen dira baldin eta ikergai nagusia euskara erabiltzea bada, edozein jakintza-arlotatik aztertuta. Horrela, ondorengo tesiak ere bultzatzen dituzte. "Edonola ere, unibertsitateko irakasle doktore batek proiektua bermatu beharko du", azpimarratu zutenez.

Aste honetan bertan, Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalez Henrike Knörren alargun Txari Santiagorekin eta haren alaba Iruri Knörrekin bildu da, eta Gasteizko EHUko Letren Fakultateko katedradun izandakoaren figura aztertu du. "Erreferente den euskaltzale eta euskaltzaleari egiten zaion omenaldi xumea da, denok harro gauden arabarra", adierazi zuen Ramiro Gonzalezek, "Euskal Filologia fakultatea ez litzateke posible izango bera eta Koldo Mitxelena gabe, bere eragile nabarmenetako bat izateaz gain", gaineratu zuen. "Arabako euskararen eta hiztunen inguruko kezka eta lana apartekoa izan zen beti", erantsi zuen.

Azkenik, Foru Aldundiako iturriek adierazi zutenez, "urte askoan Arabako Foru Aldundiarekin elkarlanean aritu zen Aramaion euskarazko mintegiak antolatzen, eta urtez urte parte hartu zuen kalitate handiko jardunaldietan eta ospe handiko ordezkariekin", ondorioztatu zuten.