- Turismoa; hotelak, apartamentu turistikoak eta ostatuak kolpe latza jasan zuten pandemia hasi zenean, iaz. Eusko Jaurlaritzak eta Gobernu Zentralak birusaren hedapena geldiarazteko ezarritako neurriek kultura, turismoa eta ostalaritza bezalako sektoreak jo zituzten. Baina aurten, Euskadiko egoera hobetzearen ondorioz, neurriak eta murrizketak ez dira hain gogorrak izan, eta horrek onura ekarri dio Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan turismoa handitzeari. Hala adierazten dute datuek.

Eustatek egindako azken txostenaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko landa-ostatuek eta turismo-apartamentuek bisita gehiago izan dituzte aurtengo udan, 2020an baino. Iraila ere hilabete ona izan da turismoarentzat. Horregatik, balorazio positiboa egiten dute bertatik. Balantze gisa, hauxe gaineratu dute txostenean: “Landetxeetan, Euskal Autonomia Erkidegoaren mailan, 63.642 sarrera izan dira 2021eko udan. 2020ko aldi berarekin alderatuta, % 59,4 egin du gora zifra horrek, eta 2019ko udan -covid-19aren aurretikoa- erregistratutako zifraren ia parekoa da (% 1,1 baxuagoa)”. Ostatu-gauek antzeko portaera izan dute: 2020ko udan izandako kopurua baino % 49,4 handiagoa, baina, halere, 2019ko udan erregistratutakoa baino % 5,0 baxuagoa. “Batez besteko egonaldia mantendu egin da bere horretan EAEn, aztertutako hiru udetako balioetan. 2021eko udan, batez besteko egonaldia 3,00 egunekoa izan da; 2020ko udan, 3,20 egunekoa, eta covid-19aren aurreko udan, 3,12koa izan zen”, nabarmendu dute.

“Apartamentu turistikoen kasuan, 2021eko udako balantzea Euskal AE osorako honako balio hauekin itxi zen: sarreretan % 58,9ko gorakada eta ostatu-gauetan % 60,3koa, 2020ko datuekin alderatuta”, azaldu dute.

Hala, “2019ko udako balioak baino handiagoak izan dira”; izan ere, 2021ean, sarrera-kopurua 2019koa baino % 11,7 handiagoa izan da, eta ostatu-gauen kopurua, % 16,8 handiagoa. Amaitzeko, batez besteko egonaldiari dagokionez, txostenean gaineratu dutenez, “aurtengo udan, 3,84 egunekoa izan da, 2020ko udakoa baino handiagoa -orduan, 3,80 egunekoa izan zen-, eta 2019koa baino handiagoa -3,67 egunekoa izan zen-”.