- Olarizura itzuliko da Araba Euskaraz. Gasteizko Eraztun Berdean kokatua, hiriaren hegoaldean, 120 hektarea betetzen ditu orotara. "Zuhaitzez eta milatik gora landare espeziez hornituta, egun pasa ederra egiteko aukera ematen du, eta datorren urteko Araba Euskaraz ospatzeko leku paregabea da". Hala aurkeztu zuten atzo ekainaren 24an egingo den Araba Euskaraz jaiaren edizio berria. Bildutako onurak Argantzon Ikastolari zuzenduko zaizkio.

"Ikastolen Elkartean aspaldian ari gara jai egunaren eredua aztertzen. Covid-19aren eraginak ere zenbait erabaki hartzera behartu gaitu. Laudion, iragan ekainaren 20an, eginiko Araba Euskaraz eredugarria izan da alde askotatik begiratuta. Horiek horrela, eta horiek aintzat hartuta, hasi gara irudikatzen datorren ekainaren 19ko eguna", adierazi zuten antolatzaileek atzo ospatutako aurkezpenean. Hala, beste behin ere, haurrei eta familiei bideratutako jai eguna izango dela bereziki azpimarratu zuten. Hala ere, adin guztietarako kultur ekimen askotarikoak eskainiko dituen jai eguna izango da, jai parte-hartzailea, ludikoa eta euskararen erabilpena bultzatuko duena. 2023-2024 ikasturtean ireki nahi den ikastola berria eraikitzeko erabiliko dira bildutako dirua, baita Argantzungo La Puebla ikastola ezagutarazteko eta Trebiño Araba dela aldarrikatzeko ere, besteak beste. Gaur egun, Argantzon Ikastolak bi eraikin ditu: bata Argantzunen eta bestea Manzanosen. Azken horretan, klaseak ematen ari dira herritarrek utzitako lokaletan, eraikin berria eraiki arte. Zehazki, atzo azaldu zutenez, hauek izango dira datorren urteko helburuak: "Argantzun/Trebiñu: Araban euskararen erabilpena aldarrikatzea, bultzatzea, eta erabilpen eremuak zabaltzea; Argantzun Ikastola ezagutzera ematea. Dugun konpromisoa zabaldu eta bidelagunak lortzea; Argantzun - Sagastieta. Ikastola berria ezagutzera ematea eta ikastola berria egiteko dirua lortzea". Izan ere, eta ildo beretik jarraituz, 2003an sortutako ikastola da Argantzun Ikastola. Ordura arte bertako haur gehienek Gasteizerako bidea hartzen zuten ikasketak egitera; horixe zen euren haurrek euskaraz ikastea nahi zuten gurasoen hautua. "Eskaera egon bazegoen, Trebiñun euskaraz ikastekoa, eta eskaera horri erantzunez, Argantzungo Udala eta Ikastolen Elkartea harremanetan jarri ziren, eta, gurasoen erabakimena eta udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren konpromisoak lotuta, ikastola berri bat sortzea erabaki zuen Ikastolen Elkarteak: Argantzun Ikastola". "Gaztela eta Leongo gobernuaren baimen administratiboa lortu genuen. Ez, ordea, finantzaziorik", erantsi zuten. "2001, 2007 eta 2018 urteetan Argantzunen ospatu genituen Araba Euskaraz egunak. 2019an, Manzanos-Sagastietan ireki genuen Lehen Hezkuntzako egoitza. Baimenak eta finantzazioa lortu genituen Eusko Jaurlaritzaren eskutik. Egun 67 ikasle ditugu ikastolan".

Datorren urtean 41 urte beteko dira lehen Araba Euskaraz programaren barruan, eta antolatzaileek leku berera itzultzea erabaki dute, logo eta lema berarekin. 1981eko festaren logoa eta lema Nestor Basterretxeak egin zituen: Araba, zazpi talde, bat euskararen alde, izan zen orduko leloa. Arabako zazpi kuadrillei egiten zien erreferentzia. 2022koa, berriz, Zortzigarren alaba da. Gorka Knörr-en Araba abestiaren ildotik, zortziak erreferentzia egiten die Arabako zortzi ikastolei, Arabako zortzi kuadrillei (zazpi ofizialak + Trebiñu), batasunaren erreferentziari (zortziak bat), eta Trebiñuri (bera da zortzigarren alaba).

"1981. urtean izan zen lehen Araba Euskaraz jaia, Gasteizen, Olarizun. Ikastolen Elkartean ziren ikastola guztien artean antolatu genuen. Ideia hori berreskuratu eta gaur elkartean ditugun zortzi ikastolen artean, elkarlanean antolatu nahi dugu 2022. urteko Araba Euskaraz", azpimarratu zuten. "Ez da izango jai egun bakar bat. Ikasturte osoan, zortzi ikastoletan, Araba zabalean, jarduera eta ekitaldi desberdinak antolatuko ditugu. Urte osoko jarduna izango da, beraz, eta Araba Euskaraz eguna, urte osoari bukaera ematen dion jai eguna izango da, 2022eko ekainaren 19an. Zortzi ikastoletan sortu ditugu batzorde desberdinak eta lanak banatu ditugu: material salmenta, Tanta zozketa, babesle-laguntzaileak, publizitatea, segurtasuna, urte osoko ekimenak, eguneko egitaraua, muntaketa,.. Lan asko dira elkarlanean kudeatu beharrekoak", ondorioztatu zuten.