- Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako etxebizitza-parkeak hazten jarraitzen du. Guztira, 7.188 unitate gehiago izan dira familia-etxebizitzen eta establezimendu kolektiboen artean; kopuru horietatik 1.027 Arabari dagozkio, Eustat Euskal Estatistika Erakundeak egindako azken txostenaren arabera.

Ildo beretik jarraituz, eta aipatutako txostenean azaltzen duten bezala, etxebizitza-parkeak gora egiten jarraitzen du. Izan ere, hazkunde absolutu handiena Bizkaiak izan du, 3.361 etxebizitza gehiago baititu. Ondoren, Gipuzkoa dator, 2.800 unitate gehiago, eta, atzetik, Araba, 1.027 etxebizitza gehiagorekin. Termino erlatiboetan, aldeak txikiak dira: Gipuzkoan 0,8 hamarren gehiago, eta bai Araban bai Bizkaian, 0,6 hamarren gehiago 2019arekiko. Azterlan horrek, halaber, familia etxebizitzen parkea aztertu du, erabileraren ikuspuntutik. Hau da, etxebizitza horiek erabiltzen ari diren edo lehen etxebizitza gisa edo udarako erabiliko diren aztertu da. Hala, txostenaren arabera, %85 baino gehiago ohiko bizileku gisa erabiltzen da; gainerako %15a, berriz, bigarren egoitza gisa edo, besterik gabe, hutsik daudela azaltzen da bertan. Gainera, ohiko bizilekurako etxebizitzen proportzioa Araban %83 da eta Bizkaian %86; Gipuzkoan, berriz, %85 inguru.

“Aurreko urteko familia-etxebizi-tza nagusien kopuruei dagokienez, 5.789 unitate gehiago daude, lurraldeen arabera honela banatuta: Bizkaian 3.049 gehiago daude, %0,6 gehiago, 2.086 gehiago Gipuzkoan (%0,7) eta 654 gehiago Araban (%0,5). Bestalde, nagusiak ez diren etxebizitzak % 0,9 hazi dira Euskal Autonomia Erkidegoan”, txostenean azaldu duten bezala. Udalerrien tamainari dagokionez, “udalerri handienen estratua nabarmentzen da”, hau da, probintzia bakoitzeko hiriburuen multzoa; izan ere, %2,1 igo dira nagusi ez diren etxebizitzak, eta Donostia da gehien nabarmentzen den hiriburua (%3), ondoren Bilbo (%1,9) eta, azkenik, Gasteiz (% 1,2). Estratu horretako etxebizitza nagusiak ez dira hainbeste hazi, %0,6, aurreko urtearen aldean. Bilbon 800 familia-etxebizitza nagusi gehiago daude (%0,5), Donostian 608 (%0,8) eta Gasteizen 530 (%0,5).

Ildo beretik, 10.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrietan, familia-etxebizitzen parkea handitu egin da 2019. urtearekin alderatuta, eta Euskal Autonomia Erkidegoko batezbestekoaren gainetik egin du gora, “bai etxebizitza nagusiei dagokienez (%0,7, batezbestekoaren %0,6ren aldean), bai gainerakoei dagokienez (% 1,5, batezbestekoaren % 0,9ren aldean)”, gaineratu dutenez. “Aitzitik, azpimarratu behar da ezen 40.000 eta 100.000 biztanle bitarteko udalerriak eta 10.000 eta 40.000 biztanle bitartekoak direla nagusi ez diren etxebizitzak galdu dituztenak aurreko urtearen aldean (-% 1,4 eta -% 0,4, hurrenez hurren)”, azaldu dute.

46 urte inguru. Euskal Autonomia Erkidegoko etxebizi-tza-parkearen batez besteko antzinatasuna 46,2 urtekoa da. Lurralde mailan, parke modernoena Arabari dagokio (39,7 urte), eta, ondoren, Gipuzkoari (46,7 urte). Etxebizitza zahartuenak Bizkaian daude, batez beste 47,8 urte guztira: “Euskal Autonomia Erkidegoko familia-etxebizitzen parkearen batez besteko antzinatasuna 46,2 urtekoa da. Bizkaia da, 47,8 urteko antzinatasunarekin, parkerik zaharrena duen lurraldea”, azpimarratu dutenez.

Bestalde, eta ildo horretatik jarraituz, etxebizitzaren batez besteko azalera erabilgarria Euskadi osorako 87,3 m2-koa da. Arabak ditu familia-etxebizitza zabalenak, 92,4 m2 batez beste; ondoren, Gipuzkoak 87 m2 ditu, eta, atzetik, Bizkaiak 85,9 m2. Azkenik, gela-kopuruari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko familia-etxebizitzen hiru laurdenek lau edo bost gela dituzte (logelak, egongela eta sukaldea barne) eta, batez beste, 1,4 bainugela, Euskal Estatistika Erakundearen Etxebizitzen Udal Estatistika txostenean ondorioztatu dutenez.

Zenbakietan azalduta. Eskualdeetan, eskualde guztiek hazkunde apalak izan dituzte etxebizitza-parkean. Bizkaian Plen-tzia-Mungia (%1,2) eta Enkartazioak (% 1,1) nabarmentzen dira; Gipuzkoan, Donostialdea (%1,1), eta Araban Kantaurialdea (%1), Euskal AEko batezbestekoa (%0,7) baino handiagoak direlako. Beste muturrean, batezbestekotik beherako gehikuntzekin, daude Añana (%0,1), Arabako Mendialdea eta Debabarrena (%0,2 bakoi-tza). Datu horiek Eustat Estatistikako Euskal Institutuak eman ditu aste honetan bertan etxebizitzei buruz argitaratutako azken txostenean.