Hainbat hilabetetako prestaketen ondoren, eta jardunaldia egin ahal izango zen ala ez zalantzan, joan den igandean ospatutako Araba Euskaraz-en edizio berria uste baino hobeto joan da. Horixe izan zen atzo Laudio Ikastolatik egin zuten balorazio nagusietako bat.

Horrela, duela urte bat hasitako ibilbideak bukaera izan zuen igandean. 2020ko ekainean Zabal bideak leloa eta irudia aurkeztu ostean, hainbat izan dira LaudioIkastolak Araba Euskarazen izenean antolatu izan dituen ekintzak. Hasiera batean hilabetero ekintza bat antolatzea izan zuten pentsatuta, "helburu nagusia Laudio Ikastola herriari ezagutaraztea eta Ikastolaren proiektua hauspotzea izanik". Hala ere, Osasun krisia dela-eta, berrasmatutako edizioa izan da aurtengoa. Ekintza guztiak pandemiaren ondorioz ezarritako neurrietara egokituta antolatu dituzte; edukierak mugatuz, eta aldez aurretik izena emanez, besteak beste. "Neurriak neurri, oztopoak oztopo, ekintza guztietan hezkuntza komunitatearen, Laudioko ostalaritza eta merkataritzaren, eragileen zein laudioarren erantzuna eta ekarpena oso ona izan da", azaldu zuten atzo. "Ikasturte hasieran erronka zen hura, aukera bilakatu dugu eta erantzuna, inplikazioa eta partehartzea ikusita, biziberrituta eta indartuta atera gara" adierazi zuen Aiara Murga Egiak, Laudio Ikastolako lehendakariak. Aurtengo Araba Euskaraz proiektuaren helburua euskararen eta kulturaren erabilera bultzatzea izan da. Hain zuzen, Jon Bengoetxeak (Laudio Ikastolako Zuzendaria) egunkari honetan azaldu zuenez, aurten "inoiz baino gehiago" euskararen erabilera indartu beharra zegoen, pandemiarekin okertu delako, esan zuenez. Beraz, "pandemiaren eraginez horren kaltetuak izan diren euskarari eta kulturari arnasgune bat eskaini izan dio aurtengo Araba Euskaraz egitasmoak", adierazi eta erantsi zuten Laudio Ikastolatik: "Laudio euskaraz jantzi izan dute ikasturtean zehar antolatutako jardueretan; izan antzerkia, izan 10.000 km baietz erronka, izan bideokliparen aurkezpena, izan orientazio proba... hori islatu izan da".

Ildo beretik jarraituz, igandean Araba Euskaraz egunean, hainbat izan ziren Euskararen basoa eta Euskararen plaza guneetan antolatutako ekintzak. "Bi gune eta hamaika ekintza izan genituen. Umeentzako antzerkiak, musika emanaldiak, dantza, zunba, ihes gela, harrera ekitaldia, tonbola,... ekintza ugari eta jende andana", azaldu zuten. Ekintza horiei esker, euskararen presentzia "nabarmena izan zen familia giroan gozatzeko antolatutako egunean, kultura eta euskarari "berriz bidea zabaltzeko aukera eman zuen egunak eta hori bertaratutako guztiei esker izan zen", gaineratu zuten ikastolatik. Bestalde, bertaratutakoak eta eguna aurrera ateratzeko auzolanean aritu izan ziren guztiak eskertu nahi izan zituen Ikastolako zuzendariak.

"Aurten bildutako indarra eta ilusioa izan dadila datorren urteko Araba Euskaraz ekimena antolatzen hasteko bultzada", aipatu zuen Liher Larrea Ibabek, Arabako ikastolen lehendakariak. Laudio Ikastolak lekukoa pasatu dio Argantzon Ikastolari eta ekainaren 19an ospatuko da 2022ko Araba Euskaraz eguna.

Azkenik, ikastolako zuzendariak egunkari honi gehitu zionez, Araba Euskaraz antolatzea ez da erraza izan, bereziki koronabirusaren aurka indarrean dauden neurriak kontuan hartuta. Hala ere, ahalegin hori konpentsatuta geratu da kulturari eta euskarari eman zaion bultzadagatik: "Euskarak eta haren erabilerak okerrera egin dute pandemia garaian, eta honelako jarduerak erabilera berriro normalizatzen laguntzen dute. Orain beste ikastetxe bati egokituko zaio datorren urteko edizioarekin jarraitzea, baina guk asko gozatu dugu", ondorioztatu zuen.

Balorazioa. Duela urte bat hasitako ibilbideak bukaera izan zuen igandean. 2020ko ekainean Zabal bideak leloa eta irudia aurkeztu ostean, hainbat izan dira LaudioIkastolak Araba Euskarazen izenean antolatu izan dituen ekintzak. Hasiera batean hilabetero ekintza bat antolatzea izan zuten pentsatuta, "helburu nagusia Laudio Ikastola herriari ezagutaraztea eta Ikastolaren proiektua hauspotzea izanik" Osasun krisia dela-eta, berrasmatutako edizioa izan da aurtengoa. Ekintza guztiak pandemiaren ondorioz ezarritako neurrietara egokituta antolatu dituzte; edukierak mugatuz, eta aldez aurretik izena emanez, besteak beste. "Neurriak neurri, oztopoak oztopo, ekintza guztietan hezkuntza komunitatearen, Laudioko ostalaritza eta merkataritzaren, eragileen zein laudioarren erantzuna eta ekarpena oso ona izan da", azaldu zuten atzo. Gainera, eta ildo beretik, hainbat jarduera eta ekintza desberdin antolatu ziren igandean, euskara eta kultura indartzeko asmoz, antolatzaileek egunkari honetan azaldu zuten bezala.

"Ikasturte hasieran erronka zen hura, aukera bilakatu dugu eta erantzuna, inplikazioa eta partehartzea ikusita, biziberrituta eta indartuta atera gara".