- Azken hilabeteetako ziurgabetasunaren eta zalantzaren ondoren, azkenean, lurraldeak Araba Euskaraz programaren 41. urteurrena ospatuko du bihar, Laudion.

Laudio Ikastolak, Arabako Ikastolen Elkarteak eta Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak antolatuta, aurten leloa Zabal bideak da, eta, aurreko urteetan baino modu sinpleagoan bada ere herritarrak koronabirusatik babesteko, ilusioz betetako edizioa izango dela ziurtatu dute antolatzaileek, euskarari inoiz baino indar handiagoa emateko asmoarekin. Hain zuzen, Laudio Ikastolako zuzendari Jon Bengoetxeak ere halaxe zioen aurkezpenean: "Araba Euskaraz garrantzitsua da oraindik Arabako ikastolen hezkuntza-proiektuak garatzeko, eta are gehiago euskararentzat eta euskal kulturarentzat, pandemiak kalte handia egiten baitie". Euskararen erabilera eta lurraldean duen indarra kontuan hartzeaz gain, aurten jai honek bi erronka berri izango ditu. Alde batetik, Laudio Ikastolaren hezkuntza-proiektua ezagutarazi eta indartu nahi du, eta, bestetik, Araba Euskaraz eguna suspertu eta indartu, berrasmatu eta egungo egoerara egokitu behar izan baitu.

"Aurtengo Araba Euskaraz ekimena ez da egun bakarrera mugatu, hainbat dira ikasturtean zehar burututako jarduerak, eta ekainaren 20an, jarduera sorta horri itxiera emango diogu ibilbiderik eta kontzertu erraldoirik izango ez duen programa batekin. Hala ere, lan taldeetan, auzolanean eta herriko eragileekin elkarlanean, irudimenaz eta ilusioz, bi gune nagusi prestatu ditugu, batetik, parte hartze zuzena eta aktiboa eskatzen duten jarduerekin eta bestetik, ikusi edota entzunez gozatzeko ikuskizunekin" azaldu du Aiara Murgak.

Elkarlanari, ilusioari, kulturari, auzolanari, aniztasunari, parte hartzeari, euskarari, parekidetasunari... bidea zabaldu nahi izan diote euskararen aldeko programa honen bitartez. Adin guztietarako pentsatutako egitaraua prestatu dute, baina bereziki familian gozatzeko eguna izango da eta edukiera mugatua izango du proposatu diren bi gune handietan. Egongo diren ekintza desberdinen artean, bertako ekoizleei ere bidea zabaldu nahi izan diete eta 41 postuz osatutako azoka ipiniko dute Laudioko institutuko jolastokian. Azoka ikusi nahi dutenek ez dute aldez aurretik izena eman beharrik izango. Modu berean, ikastolako familiek zein langileek egindako ekarpenekin eta herriko merkatari zein ostalariek eskainitako laguntzarekin tonbola osatuko dute eta Lamuza plazan egongo da. Bertatik pasatzen den orok saria jasoko du euskara babestearen truke. Liher Larrea Ibabek, Arabako Ikastolen Elkarteko lehendakariak, Laudio Ikastolak hartutako erronka eta, oztopoak-oztopo, egindakoa txalotu nahi izan zuen. "Aurten ezingo gara nahi beste euskaltzale elkartu, baina ziur, bertaratutakoek egun polita pasatuko dutela. Hogei egun falta dira, eta oraindik gehiegi aurreratu ezin dugun arren, datozen urteetarako Araba Euskaraz nolakoa izatea nahi dugun ere prestatzen gabiltza. Baina, aurtengoa eredugarri bihurtu eta borobil dezagun lehendabizi eta tantaz tanta etorriko dira hurrengoak" indarra aurtengo topaketan eta begirada etorkizunean jarriz ondorioztatu zuen Liherrek.