- Euskaraz hitz egiten ez duten herritarren artean interesa pizten jarraitzen du euskarak. Hain zuzen, koronabirusaren pandemiak berak ere ez du lortu Arabako euskaltegietako matrikulazioak geldiaraztea. Hala, AEK-k egunkari honetan baieztatu duenez, 1.400 arabar inguruk euskara ikasi dute euskaltegi horietan, aurreko urteetan bezala.

Izan ere, koronabirusaren ondorioz hain ohiz kanpokoa den ikastaro honen amaieran, AEK-k balorazio positiboa egin du. "2020-2021 ikasturtea (urritik ekainera) oso-oso ondo burutu dugu, arazorik gabe, eta hurrengo ikasturtean berdin segituko dugu. Hainbat lekutan, zoritxarrez, taldeen jende kopurua murriztu behar izan dugu, distantziak tartean. Bestalde, ikasle gehienak aurrez aurreko ikastaroetan aritzen badira ere, argi dago online-ikastaroek gero eta harrera handiagoa dutela. Gainera, oro har, esan dezakegu oso harrera ona sumatu dugula udako ikastaroei begira, jende asko galdezka, hurbiltzen eta matrikulatzen ari da", adierazi dute AEKtik egunkari honetan. Ildo horretatik, udako ikastaroak aurrez aurre nahiz online izango dira, baita autoikaskuntza ereduarekin ere. Urritik ekainera "normaltasunez" aritu dira, musukoak eta segurtasun-neurriak aintzat hartuta, eta udan, antzera segituko dute. Gainera, aurten, barnetegiak berreskuratuko dituzte, iaz ez bezala. Azken hauetan, aurten, plaza gutxiago egongo dira, eta familia barnetegiak ez dira egongo baina, oro har, betiko moduan egin ahal izango dira hainbat barnetegi. (Foruan, Arantzan eta Urepelen). Ildo beretik jarraituz, eta udako barnetegie dagokionez, AEKtik azaltzen dutenez, "udan euskara ikasteko eta hobetzeko modurik politena da. Barnetegian denetarako astia izango duzu: eskolarako, txangoetarako, ekintzetarako, lagun berriak egiteko eta, azken batean, egun osoan euskaraz bizitzeko aukera", azaltzen dute.

Hala, barnetegi batera joateko, ikasitako guztian aurrera egiteko hainbat aukera daude. Lehenik eta behin, Arantzan edo Foruan joateko aukera dago, A2.2- B1-B2-C1 mailetan. Daten arabera, aukera hauek ematen dituzte: Adibidez, A2.2 eta B1 mailetan uztailaren 5etik 18ra joateko aukera dago. B2 eta C1 mailetarako, uztailaren 19tik abuztuaren 1era. Maila bererako eta B-erako ere abuztuaren 2tik 15era bitarteko aukera dago. Geroago (eta B2 eta C1 mailen barruan) Arantzan, abuztuaren 16tik 29ra, edo Foruan, abuztuaren 30etik irailaren 12ra, B1 eta B2 mailetan. Bi barnetegien prezioa 514 eurokoa da. Bestalde, ipar Euskal Herrian (Urepelen) ikasteko, A1, A2, B1, B2 eta C1 mailetan, uztailaren 12tik 23rako aukera dago baita 26tik abuztuaren 6ra arteko aukera ere. Euskalki xiberera lantzeko interesa dutenentzat AEK-k uztailaren 26tik 31ra bitartean bertaratzeko aukera eskaintzen du. Ildo beretik, mailak egiaztatzeko azterketa prestatzeko barnetegiak ere antolatu dituzte aurten Arantzan. Hauek, edukiei dagokienez bereziak direnez, eskolak azterketak prestatzera bideratzen dira beren-beregi. Hauek, abuztuaren 16tik 29ra bitartean izango dira.

Bestalde, zabalik dago jada datorren ikasturterako aurre izena ematea. "Oso pozik gaude aurtengo ikasturtearekin, eta nabarmendu nahi dugu aurten euskaltegietan ari diren irakasleen eta ikasleen ahalegina. Amaitzear den ikasturtean (urritik ekainera) ohiko ikastaroekin segitu dugu, betiere unean uneko osasun-neurrietara egokituta eta gure esku dauden prebentzio- irizpideak ezarrita", adierazi dute betako kideek eta erantsi dute: "Datorren ikasturtea prestatzen ari gara, eta gure helburu nagusia da berdin segitzea, betiere unean uneko osasun-neurrietara egokituta. Hala, euskaltegietan aurrez aurreko taldeak izango ditugu, autoikaskuntza, online ikastaroak eta jardun biko eredua ere eskainiko ditugu, eta Foruko barnetegia urte osoan irekiko dugu". Abian da, beraz, ikastaro berria, milaka arabarrek interesa izan dezaten eta hizkuntza hori ikas dezaten.

Ikasteko interesa. Euskaraz hitz egiten ez duten herritarren artean interesa pizten jarraitzen du euskarak. Hain zuzen, koronabirusaren pandemiak berak ere ez du lortu Arabako euskaltegietako matrikulazioak geldiaraztea. Hala, AEKk egunkari honetan baieztatu duenez, 1.400 arabar inguruk euskara ikasi dute euskaltegi horietan, aurreko urteetan bezala.

Udako ikastaroak. Udako ikastaroak aurrez aurre nahiz online izango dira, baita autoikaskuntza ereduarekin ere. Urritik ekainera "normaltasunez" aritu dira, musukoak eta segurtasun-neurriak aintzat hartuta, eta udan, antzera segituko dute. Gainera, aurten, barnetegiak berreskuratuko dituzte, iaz ez bezala. Azken hauetan, aurten, plaza gutxiago egongo dira, eta familia barnetegiak ez dira egongo baina, oro har, betiko moduan egin ahal izango dira hainbat barnetegi. (Foruan, Arantzan eta Urepelen).

"2020-2021 ikasturtea (urritik ekainera) oso-oso ondo burutu dugu, arazorik gabe, eta hurrengo ikasturtean berdin segituko dugu. Hainbat lekutan, zoritxarrez, taldeen jende kopurua murriztu behar izan dugu, distantziak tartean. Bestalde, ikasle gehienak aurrez aurreko ikastaroetan aritzen badira ere, argi dago online-ikastaroek gero eta harrera handiagoa dutela. Gainera, oro har, esan dezakegu oso harrera ona sumatu dugula udako ikastaroei begira, jende asko galdezka, hurbiltzen eta matrikulatzen ari da".

"Udan euskara ikasteko eta hobetzeko modurik politena da. Barnetegian denetarako astia izango duzu: eskolarako, txangoetarako, ekintzetarako, lagun berriak egiteko eta, azken batean, egun osoan euskaraz bizitzeko aukera".

1.400

Guztira, 1.400 lagun inguruk ikasi dute euskara AEKn Araban.