- Arabako Minbiziaren Aurkako Elkarteak lortu nahi du hurrengo belaunaldia tabakorik gabekoa izatea, hau da, 2030ean 18 urte beteko dituztenak inoiz erre gabekoak izatea.

Halaxe iragarri zuten atzo AECCtik: “Tabakoaren keak 16 minbizi mota sortzen ditu, baita arnas gaixotasunak eta gaixotasun kardiobaskularrak ere. Baina ez bakarrik erretzailea den populazioaren %22ri, baizik eta erretzen ez duten baina tabakoaren giroko kearen eraginpean dauden gainerako biztanleen %78ari ere bai. Gainera, tabakoak 50.000 pertsona baino gehiago hiltzen ditu urtero Estatuan, eta tabakoaren ondorioz hiltzen diren zortzi pertsonatik batek ez du inoiz erre”. Hori dela eta, elkarte honen helburua da hurrengo belaunaldia tabakorik gabeko lehen belaunaldia izatea, Europako Minbiziaren Planari lotuta; hartara, 2030ean 18 urte beteko dituztenak izango dira inoiz erre ez dutenak eta, ondorioz, “kerik gabeko gune gehiago lortuko ditugu”. Alde horretatik, erretzen ez duten pertsonak ere errespetatu egin behar direla azpimarratu du elkarte honek, baita adingabeak ere, tabakorik gabe arnasa “libreki” ezin dutela hartu ziurtatzen baitute. “Adingabeak dauden espazio publikoen ia % 100ean ingurune-kearen arrastoak daude (ostalaritzako terrazen %95,1ean, ostalaritzako lokalen sarreren %78,2an, ikastetxeetarako sarbideen %46n eta haur-parkeen %41ean). Gainera, 10 erretzailetik 9k adingabeen aurrean erretzen du eta tabakorik gabeko leku gutxi egotearen ondorioa da”, deitoratu dute elkartetik.

“Arabako AECCtik egungo araudia aldatu beharra defendatzen dugu, kerik gabeko espazioak zabaltzea eta neurriak betetzen direla zaintzea”.

Eskatzen dutenaren artean, hauxe dago: Tabakoaren kerik gabeko espazioak zabaltzen jarraitzea (terrazak, kirol- instalazioak, hondartzak eta autoak, besteak beste.); eta lehen, bigarren eta hirugarren eskuko keak eragiten duen kalteari buruzko ezagutza areagotzen duten komunikazio masiboko kanpainei eustea, baita tabakoaren, nikotinaren eta deribatuen forma berriei buruzko informazioa, “gazteen arrisku-pertzepzioa oraindik txikia baita”.