Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak duela egun gutxi gogorarazi zuenez, koronabirusak ez du atsedenik hartzen eta eraso egiten du duen aukera bakoitzean. Horregatik, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak oroitarazi du beharrezkoa dela gizartearekin batera lan egitea, herritarren artean birusaren transmisioa ahalik eta gehien murrizteko. Gainera, Ertzaintzak eskuliburu bat prestatu du alarma-egoeraren amaieratik baimenduta dagoena gogoratzeko, baina baita normaltasun berrian arauak daudela nabarmentzeko ere.

"Dekretuaren funtzio arauemailearen osagarri gisa, funtsezko garrantzia dute oraindik ere alarma-egoeran indarrean egon diren eta une honetan arau-izaeraz ezarri ezin diren neurriek, eta Labi aholkatzen duen batzorde zientifiko-teknikoko adituek prebentzio-balio handiko ekarpentzat hartzen dituzte", esan eta erantsi dute Segurtasun Sailetik: "Hori dela eta, orain, gizarte osoari zuzendutako gomendioa da mugikortasuna eta interakzio soziala murrizteko irizpidea, bereziki pertsonak elkartzeko eta gauez mugitzeko murrizketetan islatzen dena. Hori guztia birusaren transmisioa ahalik eta gehien murrizten laguntzeko".

Ildo horretatik, koronabirusari aurre egiteko lanean jarraitzeko, Ertzaintzak gogorarazi du maskara nahitaez erabili behar dela, kasu batzuetan izan ezik. Adibidez, ez da beharrezkoa herritarrek maskara jantzita eramatea elkarrekin bizi diren pertsonekin ibilgailu pribatu batean dabiltzanean edo ostalaritzako eta jatetxeetako establezimenduetan janaria edo edariak jaten edota edaten diren bitartean. Era berean, edozein kirol-jardueratan derrigorrezkoa izango da maskara erabiltzea. Ez da nahitaezkoa izango, ordea, espazio naturaletan, oinezkorik gabeko hiri-ingurune periferikoetan, igerilekuetan, lehiaketa profesional edo erdi-profesionalean murgildutako taldeen entrenamenduetan eta lehiaketetan eta kanpoko jarduera fisiko biziko ezohiko uneetan. Hondartzetan eta igerilekuetan, bainua hartzerakoan eta eremu zehatz batean egonda, ez da beharrezkoa izango maskara erabiltzea, betiere erabiltzaileen arteko segurtasun-tartea errespetatu badaiteke. Hala ere, hondartzetan eta igerilekuetan joanetorriak egiteko eta paseatzeko, maskara erabili beharko da. "Osasun Sailaren

baimenarekin, zenbait jarduera sektorial espezifiko salbuetsi ahal izango dira maskara erabiltzetik, hala nola kultura-, eszena- edo kirol-jarduerak. Jarduera horietan, aldez aurreko diagnosi-probak egin ahal izango dituzte, edo partaideek eskuratutako immunitatea egiaztatu ahal izango dute aldez aurreko altari edo txertaketari buruzko ziurtagiri mediko arrazoitu baten bidez", azpimarratu dute Segurtasun Sailetik.

Ordutegiei dagokionez, merkataritza-establezimenduek gehienez ere 22:00etan itxi beharko dute, edukieraren ehuneko berrogeita hamarrera mugatuta egongo dira, eta 150 metro koadrotik gorako azalera dutenek edukieraren ehuneko 40ko gehieneko edukiera baimendua izango dute. "Hala badagokio, gehieneko edukiera hori bera aplikatuko da merkataritza-guneen solairu eta saltoki bakoitzean, bai eta haien eremu komunetan ere, azalera edozein dela ere. Merkataritza-guneetako arduradunek neurri nahikoak jarriko dituzte muga hori betearazteko", nabarmendu dute. Bestalde, ostalaritza- eta jatetxe-establezimenduak irekita mantendu ahal izango dira, barrualdean ehuneko berrogeita hamarreko edukiera-muga dutela, eta gehienez ere 22:00etan itxi beharko dute -bezeroak ateratzea barne-, eta ezingo dira 06:00ak baino lehen ireki jendearentzat. Eskaerak 22:00ak arte entregatu ahal izango dira establezimenduan bertan, aurrez hitzordua eskatuta. Etxez etxeko banaketa 23:00ak arte egin ahal izango da. Gainera, barran edo zutik kontsumitzea debekatuta dago barruan zein kanpoan, eta erabiltzaileek mahaian eserita kontsumitu beharko dute.

Bide publikoan zein kanpoko esparruetan alkohola kontsumitzeko debekua berresten da, baita botiloiak edo ez-jaiak motako bileretan ere. Diskotekak eta gaueko aisialdiko gainerako establezimendu hauen itxiera ezartzen da: "Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren Legea garatzeko Erregelamendua onartzen duen otsailaren 5eko 17/2019 Dekretuan III. eta IV. taldeetan sailkatutakoak, salbu eta beren jarduera I. eta II. taldeetarako indarrean dagoen araudiaren arabera garatzen badute eta dagokion udal-baimena badute", azaldu dute. Ildo horretatik jarraituz, musika- eta ahots-izaerako entsegu eta emanaldi kolektibo ez-profesionalek prebentzioneurrien protokolo bat izan beharko dute, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak jarduera horretarako ezarritako jarraibideak jasoko dituena.

Bestalde, "joko- eta apustu-lokalak jendearentzat ireki ahal izateko, gehienez ere ehuneko berrogeita hamarreko edukierarekin egin ahal izango da. Joko- eta apustu-jarduerak banaka egin beharko dira", azaldu dute. Azkenik, kultu-aretoetara joateak ezin izango du edukieraren ehuneko 35 gainditu, eta betiere erabiltzaileen arteko 1,5 metroko distantzia bete beharko da. Bizikidetza-unitateak ondoz ondoko eserlekuetan eseri ahalko dira. Gehieneko edukiera zein den kultu-aretoan jarri beharko da, ikusteko moduko lekuan. "Beilak mota guztietako instalazioetan egin ahal izango dira, publiko zein pribatuetan; behar bezala gaituak izan beharko dira, eta, gehienez ere, 30 pertsona izan ahalko dira aire zabaleko guneetan, eta sei pertsona espazio itxietan, bizikideak izan edo ez. Bertaratuen kopurua txikiagoa bada, ezingo da gainditu baimendutako edukieraren ehuneko 50". Gainera, gogorarazi dutenez, "hildako pertsona bat ehorzteko edo haren errausketa-agurra egiteko segizioan, gehienez ere 30 pertsonak parte hartu ahal izango dute, ekitaldia leku irekian egiten bada, betiere".

Txokoei dagokionez, momentuz debekatuta dago txokoetan, elkarte gastronomikoetan, lonjetan eta antzekoetan inolako jarduerarik egitea, eta itxita egon beharko dute. Azkenik, taxilarien lanari dagokionez, Segurtasun Sailak gogorarazi du taxilariek gaueko hamaikak igarota lan egin dezaketela, "funtsezko jarduerak egiten baitituzte", ondorioztatu dute bertatik.