Gero eta ikasle gehiagok bukatzen dituzte batxilergoko ikasketak, eta goi-mailako edo unibertsitate-ikasketak aukeratu beharrean, funtzionario izateko prestatzen dira.

Hala, Opebask akademiako kide den Pablok esan duenez, "gero eta gehiago dira funtzionario izan nahi dutela argi duten 18 urteko ikasleak". Ildo horretatik, hau dio: "administrazio publikoan gutxiago nabaritzen da hori, baina polizian oso jende gaztea dago": "Polizia izateko oposizioetan izena ematen dute, aukera gehiago daudelako beste oposizioetan baino. Izan ere, polizia izateko azterketetan, bost mila pertsona inguru aurkeztu dira 700 bat plazatarako. Hau da, bost pertsonatik bat da plaza finko batera lortzen duena, beraz, oso portzentaje altua da", azaldu du. Udaltzaintzari edo Er-tzaintzari dagokionez, akademiatik azaldu dute azterketa bateratua egiten dela eta, ondoren, zein polizia kidego nahiago duten aukeratzen dela.

Garai batean polizia izatea lan maskulinoa zen, emakumeena baino gehiago. Hala ere, orain joera aldatzen ari da, eta oso ohikoa da lanbide horrekiko interesa piztea, bai gizonengan, bai emakumeengan. Ildo horretatik jarraituz, Pablok esan du"gero eta emakume gehiagok" ematen dutela izena azterketa hauetan; horregatik, bere akademian ohikoa da emakumeak polizia izateko prestatzen ikustea. "Orain, emakume asko agertzen dira Ertzaintzaren edo Udaltzaingoaren oposizioetarako ere. Lehen ez zen asko gertatzen, baina orain gero eta gehiago", dio. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak emakume eta gizonen aukera-berdintasunaren arloan egiten duen lanari ere erantzuten dio gertaera horrek.

Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, Ertzaintzaren polizia-kidegoan %12,6 emakumea da; horrela, Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Legearen (otsailaren 18ko 4/2005 Legea) agindua betetzeko eta Eusko Jaurlaritzak emakume eta gizonen berdintasunerako onesten duen legegintzaldi bakoi-tzeko planarekin bat etorriz, egungo 2017/2020 Plan Estrategikoan, Pertsonei buruzko 3. ardatz estrategikoan, honako helburu hauek aurreikusten ditu: Emakumeen eta gizonen arteko ordezkaritza orekatua sustatzea eta genero-ikuspegia sartzea Ertzainaren prozesuetan. Azken batean: "Emakume eta gizonen berdintasuna sustatzea eta genero-ikuspegia eguneroko lanean sartzea", azpimarratzen dute Eusko Jaurlaritzatik. Administrazioko adarretan ere, Gasteizko Udalean, Arabako Foru Aldundian edo Eusko Jaurlaritzan bertan, aukera-berdintasuna dago, eta gizonek zein emakumeek interes bera dute oposizio horretan; hala ere, Opebask Pablok dio ohikoagoa dela oposizio horrek interes handiagoa piztea emakumeengan gizonengan baino.