"Gorputzaren eta sexualitatearen lanketan dabiltzan emakumeon ekimenak ezagutarazteo eta bistaratzeko helburuarekin jaio da Unbela Elkargunea. Helburu honen lehen urrats gisa maiatzaren 20tik 24ra lehen online topaketak burutuko dira. Bertan 14 ekimen ezberdin gorpuzten dituzten emakumeak arituko dira".

Unbela Elkarguneak berriki azaldu duenez, gorputza eta sexualitatea lantzen duten emakumeen ekimenak ikustarazteko asmoz, elkarte honek online jardunaldiak egingo ditu gorputzaren eta sexualitatearen lanari buruz euskaraz. Horretarako unbelaren metafora hartu du ekimenak, unbela baita aterki formako lorea, lore ardatz beretik ateratzen diren loratxo mordoa. "Gure unbelak loratxo anitzez osatutako lorea izan nahi du, loratxo hauek bilduko dituen sarea. Norberaren bizipenetatik eta ikaspenetatik abiatuta, norbere gorputz eta sexu ezagutzen eta bizipenen unbela sortzeko elkargunea", azaldu zuten Nora Ziarsolok eta Itziar Amestoyk, Unbelako sortzaileek. Abiapuntu horretatik online jardunaldiak hilaren 20tik 24ra burutuko dira. Lehen egunean, maiatzak 20, Unbelaren aurkezpena eta hasierako elkarrizketa egingo dira. Egun horretan, Zuriñe Hidalgok Enraizadas proiektuaren eta Eivissan antolatzen dituen emakumeentzako erretiroen inguruan hitz egingo du, non yoga, zikloa, elikadura, autoezagutza eta ahalduntzea gisako gaiak lantzen dituen. Hurrengo egunean, 21ean, bost hizketaldi izango dira Bizitzaren zikloarekin dantzan gaia jorratzeko. "Izan ere, egun horretan gure gorputzen eta bizitzako zikloen jakituria berreskuratzeko dauden ekimenak bildu nahi izan dira", azaldu zuten. Hala, Esther Molinerok Ongiz-Ezberdin elkartearen barruan kokatzen den Loratuz proiektuaren berri emango du, 10-14 urte bitarteko emakume gazteei zuzendutako bidaia. Natalia Albénizek eta Marta Barraganek, aldiz, Red Fanzine, hilekoaren inguruko tabuak eta estigmak ezabatzeko beharretik sortutako ekimena aurkeztuko dute.

Enara I. Domínguez Ziklikoki bizitzen egitasmoa konpartituko du, haren hitzetan, bulbajakintza erabili, bizitzea merezi duen bizia topatzeko (eta bizitzeko) proiektua, bertan hileroko kultura eta ekonomia feminista uztartzen dituelarik. "Magale proiektuak ere izango du bere lekua, ugal-zikloan zehar bidelagun izan nahi duten prestatutako eta trebatutako emakume taldea. Azkenik, Estitxu Fernándezek eguna borobilduko du: Estitxuk haurdunaldi, erditze, erdiondo eta haziera prozesuen bidelagun bezala dituen bizipenak konpartituko ditu", gaineratu zuten.

Hirugarren online saioan, gorputzen eta sexualitatearen jabetzea landuko da. Izan ere, "gure gorputzen berjabetzea eta sexualitatearen esplorazio aske eta kontzientea errazten duten ekimenak bildu nahi ditu egun horrek". Tamara Arroyok ezagutzera emango du psikologia y mujer proiektua. Gainera, Junkal Alzugaray, fisioterapeuta eta sexologian aditua, Mi suelo pélvico ekimenaren berri emango du. Bestalde, zirkulua sendabide gaia jorratuko dute beste saio batean, sarearen eta tribuaren beharrean eta indarrean sakonduz. "Bertan Naiara Mandalunizek Iparraldeko Denda Gorria ekimena aurkeztu du, emakumeak elkar topatzeko eta bizitza ospatzeko elkartzen diren espazio abegikorra. Energy Danceko sortzailea den Marta Mateosek gorputzeko terapiak eta dantza eta mugimendu kontzientea uztartzen dituen proiektua azalduko du", azpimarratu zuten. Egun horretan bertan, proiektu gehiago aurkeztuko dira, hala nola Amalua, non elikadurari buruz ere arituko direb. Sexualitateari buruzko jardunaldia hilaren 24an bukatuko da; egun horretarako, Unbelak topaketa birtual bat antolatuko du ospakizunetarako eta etorkizunari begiratzeko.

Topaketa hauetara izena emateko aukera jada zabalduta dago, www.unbela.eus webgunearen bidez. Sarrera sinboliko bat eskatuko zaie bertan parte hartu nahi dutenei, beti ere bakoitzaren aukera ekonomikoetara egokituta. Horrela, 10, 15 edo 20 euroko ekarpena egiteko aukera egongo da. "Ez genuke nahiko dirua izatea Unbelan parte hartzeko oztopoa", ondorioztatu zuten, azkenik, Norak eta Itziarrek.

Esaldia. "Gorputzaren eta sexualitatearen lanketan dabiltzan emakumeon ekimenak ezagutarazteo eta bistaratzeko helburuarekin jaio da Unbela Elkargunea. Helburu honen lehen urrats gisa maiatzaren 20tik 24ra lehen online topaketak burutuko dira. Bertan 14 ekimen ezberdin gorpuzten dituzten emakumeak arituko dira".

Ekimena. Unbelaren metafora hartu du ekimenak, unbela baita aterki formako lorea, lore ardatz beretik ateratzen diren loratxo mordoa.