- I?D arte, Arte eta Goi-mailako Diseinu Eskolak datorren astelehenean irekiko ditu izen-emateko epeak, eskolan plaza eskatzeko zein sarbide probak egin ahal izateko. Datorren ikasturtean (2021-2022) ikastetxe honek eskaintzen dituen ikasketak burutzeko interesa duen pertsona orori zuzenduak dira epe eta proba hauek. I?D arte da Euskadin Goi-mailako Diseinu ikasketak egiteko aukera eskaintzen duen zentro bakarra, eta bertako Diseinu ikasketek unibertsitate graduen pareko titulazioa dute.

"Irakaskuntza Artistikoak izaki, nahitaezkoa da sarbide probak egin eta gainditzea I?D arten ikasketak burutu ahal izateko. Sarrera probetatik salbuetsia izateko behar den titulazioa ez duen pertsona orok izena eman beharko du horretarako (maiatzak 21 azken eguna dela), eta plaza eskaera ere egin beharko du gainera, ekainaren 13a baino lehen", azaldu eta erantsi zuten atzo Eusko Jaurlaritzatik: "Sarbide probetarako izen-ematea eta plaza eskaera egitea bi prozesu ezberdin dira. Biak bete behar dira. Sarrera proba egitetik salbuetsia izateko titulazioa duenak, plaza eskaera bakarrik egin beharko du, ordea". Sarbide probak maiatzaren 29an egingo dira, I?D arteren egungo egoitzan (Betoñuko ataria, 23 - Gasteiz).

I?D artek egoitza berria Betoñun du joan zen 2019-2020 ikasturtetik, estilo neogotikoko komentu izandakoan, "baina bi hamarkadatik gorako ibilbidea egin du Arte Plastikoen eta Diseinuaren arloko ikasketak eskaintzen Gasteizen". "Ideiak, diseinua eta artea ikastetxe hau hartzen duen eraikin bereziaren edozein txokotan ere ernetzen dira, ikasleek do it yourself filosofia gidari hartuta ikasten eta garatzen baitute hemen euren sormena (egizu zuk zeuk, edo eginaz ikastea)".