Esklerosi anizkoitza, normalean, 28 eta 30 urte bitartean agertzen da, eta ohikoagoa da emakumeetan gizonetan baino. Gaixotasun kronikoa da, eta, beraz, momentuz sendabiderik gabea, nerbio-sistema zentralari eragiten diona. Baina ikertzaileek, baita Osakidetzak ere, gaixotasun horren aurkako aurrerapenak lantzen jarraitzen dute, garaiz detektatzen bada gaixotasunaren bilakaera geldiarazteko eta gaixoari bizi-kalitate hobea eskaintzeko. Hala azaltzen du Alfredo Rodriguezek, Gurutzetako ospitaleko Neurologia Zerbitzuko buruak.

Izan ere, aste honetan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zenbait adituk hainbat topaketa birtual izan dituzte, hain zuzen ere, gaixotasun horren aurkako aurrerapenak eta azken berrikuntzak aztertzeko. Esklerosi Anizkoitza: Iparraldea izeneko bilera Gurutzetako ospitaleko unitate horretako arduradunak ere koordinatu du. “Euskadin bada lan goraipagarria egiten ari den ikerketa-zentro bat. Urte asko daramatzagu aurrerapenak lantzen, Esklerosi anizkoitzaren pronostikoa lehen bezain txarra izan ez dadin. Hain zuzen, azken 15 urteetan asko aurreratu dugu”, azaldu du Alfredo Rodriguezek. Achucarro zentroari buruz ari da berbetan: Achucarro zentroaren helburu estrategiko nagusia gizartearen garapen sozial eta ekonomiko iraunkorrean laguntzean da. Horretarako, burmuin osasuntsu eta gaixoan, neurona-glia erlazioaren biologian, nazioarte mailan, ikerkuntza nabarmena garatu nahi dute. Izan ere, Esklerosi anizkoitzak 2.200 pertsonari eragiten die Euskadin; horietatik 1.100 Bizkaian, 350 Araban eta 750 Gipuzkoan. “Gaixotasun honen arazoa da kausa ezezaguna dela, ez dakigu jatorria zein den. Horri buruzko teoria asko daude, baina teoriak besterik ez dira”, azaldu eta gehitu du: “Gazterian agertzen da, 28-30 urterekin izaten du eraginik handiena. Beraz, ugaltze-adinean eragiten duen gaixotasuna da”, nabarmendu du. Garai batean, gaixoen ehuneko handi bati gurpil-aulkian uzteko gai zen gaixotasun hori, baina, gaur egun, aurrerapen medikuen eta ikerketaren ondorioz, “gaixo hauen bizi kalitatea asko hobetu da”.

“Lan gogorra da, batez ere hasieran, botikarik ez zegoenean, izugarria zen. Benetan, medikuok gazte jendea ikusten genuen, ezkonberriak edo seme-alaba txikiak zituztenak, eta pronostikorik txarrena eman behar genien: Esklerosi anizkoitza. Gaixoari laguntzea eta sintomak arintzea besterik ezin genuen egin. Baina bagenekien amaiera txarra zela. Beraz, gure eginkizuna haiei emozionalki laguntzea zen. Orain, etorkizuna ez da hain kaltegarria. Zorionez, sendagai asko daude garuneko lesioak saihesteko, eta aurrerapen handia dago gaixotasunak aurrera egiten dien gaixo horien narriadura prebenitzeko. Zirrara eragiten du hain pertsona gazteak izateak, baina orain medikuok askoz gehiago egiten dugu haiekin emozionalki artatzea baino”.

Esklerosi anizkoitzari 1.000 aurpegietako gaixotasuna ere deitzen zaio, eta pertsona bakoitzak sintoma desberdinak ditu. Sintoma desberdinak izateak zaildu egiten du beste gaixotasun batzuk baztertzen dituzten proba medikoen bidez egiten den diagnostikoa. Hau da, behin betiko diagnostikoa egin baino lehen baztertu behar diren hainbat gaixotasunen adierazgarri izan daitezke sintomak. Profesionalak azaltzen duenez, gaixotasun autoimmunea da. Horrek esan nahi du sistema immunologikoak organismoaren egiturak erasotzen dituela, hala nola mielinari. Mielinak nerbio-bulkaden eroapena errazten du, eta, beraz, kaltetua gertatzen denean, transmisio hori eten egiten da eta gaixotasunaren sintoma eta zeinu bereizgarriak agertzen dira. Sistema immunologikoak mielinari egiten dizkion eraso horiei broteak deritze. Hala ere, Esklerosi anizkoitzaren bilakaera desberdina da pertsona bakoitzean. Baina ba al dago sintomarik pazientea kezkatu eta horregatik medikuarengana joan behar duenik? Erantzuna baiezkoa da. Baina sintomak “nabarmenak” dira. Adibidez, unibertsitatean apunteak hartuz trebetasuna galtzea. Gorputz-adar bat luzaroan lo sentitzea, edo begi baten ikusmen-galera, besteak beste. “Aurreabisu zehatz baten sintoma ez dago. Norbaitek sintoma neurologiko bat duenean, dena delakoa, badaki zerbait gaizki doala. Adibidez, bat-batean begi batez ikusteari uzten badiozu, badakizu zerbait ez doala ondo. Ageriko sintomak dira. Agian pazienteak ez daki zergatik den, baina badaki zerbait gertatzen zaiola. Begi baten ikusmena galtzea oso ohikoa da gaixotasunaren hasieran, edo hanka edo beso bat luzaroan lo geratzen da. Gertatzen dena da sintomak dituen gaixotasun bat dela baina bat-batean desagertu egiten direla. Hori dela eta, sintomak desagertzean, unean uneko zerbait zela uste dute, eta ez dira neurologoarengana joaten”, erantsi du. Sintomen artean, aipatutakoez gain, tristura, oreka falta, nekea, ukimenarekiko sentikortasunik eza, muskulu-trebetasunaren galera edo ibiltzeko norberaren zailtasuna daude. Gaixoari esklerosi anizkoitza diagnostikatu ondoren, bi alderdi nagusi eta osagarri daude tratamenduan: farmakologikoa eta errehabilitatzailea. Errehabilitazio-tratamenduan, indarberritze neurologikoa eta indarberritze funtzionala lortu nahi dira. Hainbat diziplinatako profesionalek egiten dute lan, gaixoarekin eta haren senideekin koordinatuta. Tratamendu farmakologikoan aldaketa nabarmena izan da azken urteotan, esklerosi anizkoitzaren bilakaera aldatzen duten botika berriak agertu baitira. Alde horretatik, bada tratamendu aldatzaile bat, agerraldien maiztasuna eta gogortasuna murrizten duena eta garunean eta bizkarrezur-muinean lesio berrien sorrera murrizten duena. Sendagai horiek eraginkorragoak dira diagnostikoa egin eta berehala hartzen badira, gaixotasunak eboluzionatu aurretik eta nerbio-sistemari kalte nabarmenak egin aurretik. Era berean, agerraldi baten ondoren sintomak berreskuratzeko prozesua azkartzen duen tratamendu akutua dago.

Esaldia. “Norbaitek sintoma neurologiko bat duenean, dena delakoa, badaki zerbait gaizki doala. Adibidez, bat-batean begi batez ikusteari uzten badiozu, badakizu zerbait ez doala ondo. Ageriko sintomak dira. Begi baten ikusmena galtzea oso ohikoa da gaixotasunaren hasieran, edo hanka edo beso bat luzaroan lo geratzen da. Gertatzen dena da sintomak dituen gaixotasun bat dela eta bat-batean desagertu egiten direla, eta pertsona asko berandu iristen dira kontsultara horregatik”.

“Urte asko daramatzagu aurrerapenak lantzen, egun, asko aurreratu dugu”

Gurutzetako Ospitaleko Neurologia