Arabako hamar denda eta zerbitzu-enpresatik hiruk ez dakite beren jarduerarekin jarraitu ahal izango duten koronabirusaren krisiaren ondorioz.

Hori da Aenkomerrek egindako eta atzo ezagutzera emandako barometroaren ondorioetako bat. Barometro hori negozioen egoera neurtzen duen inkesta baten bidez egin da; hau da, koronabirusak eragindako pandemiaren aurreko eta gaur egungo egoera neurtzen duen inkesta baten bidez, hain zuzen ere. Establezimenduak itxi beharko ote dituzten Arabako denda eta zerbitzu-enpresen kopuruaz gain, enpresaburu askoren zorpetzea ere nabarmendu zen. Hain zuzen, jakinarazi zutenez, sektorearen %32ra arte handitu da epe horretan zorpetzea, eta gaur egun likidezia-arazoak dituztela diote. Gainera, negozioen %68,1ek dio aurrera egingo duela, %2,8k argi dauka itxi egin beharko duela, eta gainerakoen etorkizuna "krisiaren bilakaeraren araberakoa" izango dela diote.

Aenkomerren ustez, datu horiek Araban eta Gasteizen negozio askok bizi duten ziurgabetasuna islatzen dute. Jon Andoni Aspuru Aenkomer elkarteko presidentearen eta Edurne Parro zuzendariaren hitzetan, "ziurgabetasun maila oso altua dago, eta, beraz, erakundeen jardunak sendoagoa izan beharko luke txertoak jartzean eta Arabako negozioei ematen zaien laguntza ekonomikoan, orain arte ez baita nahikoa".

Barometro hori gauzatzeko, Arabako enpresarien eta zerbitzuen Federazioak inkesta bat egin die Arabako 404 merkataritza eta zerbitzu establezimenduri, adierazle ekonomiko nagusien bilakaera zein den jakiteko, bai eta pandemiaren lehen urtean azpisektore horiek izango dituzten itxaropenak eta beharrak ezagutzeko ere.

Inkesta horretatik hainbat laburpen atera dituzte. Esaterako, merkataritza eta ostalaritzako barometroaren barruan, Arabako hamar negozioetatik zortzik krisiaren aurreko alokairu-prezio bera dute. Gainera, negozioen %87k uko egiten dio erreformatzeari krisi-egoeran. Bestalde, txostenak islatzen duenez, koronabirusaren aurretik eta bitartean egiten diren salmenta-kanpainen sentsazio negatiboa areagotu egiten da. Hau da, beherapenetan negatibotasun hori %6,4tik %14,9ra igaro da. Gabonetan, %4,7tik %13,1era igo zen, eta Black Friday-ren merkealdian %10,9tik % 16,8ra.

Ildo horretatik, Aenkomerrek jakitera eman duenez, Arabako hamar negozioetatik ia bederatzik krisiaren ondorioak jasaten dituzte maila ezberdinetan. Bitik bat, "modu garrantzitsuan", hain zuzen. Izan ere, %66,9k "salmentak galdu ditu".