- Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako landetxeetako eta apartamentu turistikoetako sarrerek behera egiten jarraitzen dute. Hala adierazten du Euskal Estatistika Erakundeak (Eustat) egindako azken txostenean.

Zehazki, joan den hilabetean 1.018 sarrera eta 4.546 gaualdi izan dira Euskal Autonomia Erkidegoko landetxeetan. Hau da, 2020ko otsailarekin alderatuta, %85,3 eta %69,4 jaitsi dira, landetxeetako sarrerak eta gaualdiak, hurrenez hurren. Ildo horretatik, landetxeetan ostatu hartu duten pertsona gehienak Estatukoak izan dira, guztien %92,1, hain zuzen ere. "Aurreko urteko hil beraren aldean, sarreretan izandako beherakadak nabarmenak izan dira, bai Estatukoak bai atzerrikoak: %84,4 eta % 1,5, hurrenez hurren. Gaualdiei dagokienez, Estatukoak %68,4 jaitsi dira urte artean 2021eko otsailean; atzerrikoak, berriz, %77,2", azaltzen dute. Lurraldeei dagokienez, Araban bete dira gutxien landetxeak. Izan ere, lurralde horretan %90eraino jaitsi dira sarrerak, iazko epe berarekin alderatuta. Ondoren, Gipuzkoa izan da landetxeetan sarrera gutxien izan dituen lurraldeak : %85,5 sarrera gutxiago , hain zuzen ere. Azkenik, Bizkaian %80,4 jaitsi dira.

"Euskal Autonomia Erkidegoko landetxeen batez besteko egonaldia, guztira, 4,47 egunekoa izan da otsailean, 2020ko otsailean ikusitakoa (2,14 egun) baino askozaz handiagoa". Arabako lurraldean aldea are handiagoa da; izan ere, azken otsailean batez beste 5,49 eguneko egonaldia izan da, eta iazko otsailean, aldiz, 1,83 egunekoa. Bizkaiak ere nabarmen egin du gora balio horretan, 2020ko otsailean 1,96 egun izatetik azken hilabete honetan 3,93 egun izatera igaro baita. Azkenik, "Gipuzkoak goranzko joerari eutsi dio, eta 2020ko otsailean 2,32 egun izatetik aurtengo otsailean 4,59 egun izatera igaro da". Bestalde, plazakako eta logelakako okupazio-mailek oso balio baxuak izan dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan n oro har: "lehena %4,6tan gelditu da, eta bigarrena %7,4tan, 2021eko otsailean. Beraz, urtetik urterako beherakadak ehuneko 9,7 eta 11,1 puntukoak izan dira, hurrenez hurren", nabarmendu dute.

Koronabirusaren hedapena geldiarazteko hartutako murrizketek eta neurriek eragina izan dute hainbat sektoretan, turismoan eta aisialdian barne. Eragin horrek gogor jo ditu landetxeak, hotelak eta apartamentu turistikoak, haien negozioen okupazioa jaitsi egin baita. Horrek azalduko luke otsailean landetxe asko aldi baterako itxia egotea, adibidez. Izan ere, txostenean zehazten dutenez, joan den hilean landetxeen %31,1 itxita egon ziren hileko egun guztietan, eta iazko otsailean, berriz, %23,7.

Apartamentu turistikoei dagokienez, egoera ez da landetxeena baino hobea. Zehazki, 2021eko otsailean, sarrerak eta gaualdiak 1.537 eta 14.424 izan dira, hurrenez hurren. Aurreko urteko hil beraren aldean sarrerak %71 gutxitu dira, eta gaualdiak %25,4: Estatutik etorritako sarrerak ere %65,8 egin dute behera, eta atzerritik etorritakoak, berriz, %86,9. Gaualdien kasuan, jaitsierak %18,8 izan dira Estatukoak eta %42,6 atzerrikoak. Gainera, eta ildo horretatik jarraituz, "lurraldekako bilakaera ez da uniformea izan". Hau da, Araban, apartamentu turistikoetako sarrerak %47,5 jaitsi dira, 2020ko otsailarekin alderatuta, eta gaualdiak %34,2. Bizkaian, urte arteko jaitsiera %72,7koa izan da sarreretan eta %52,3koa gaualdietan. Azkenik, Gipuzkoak bestelako bilakaera izan du; izan ere, nahiz eta sarrerek %75,8 egin duten behera, gaualdiak %14 gehitu dira.

1.018

Euskadiko ostatuetako sarrerak eta gaualdiak jaitsi dira, zehazki, 1.018 sarrera erregistratu ziren otsailean.

1.537

Apartamentu turistikoei dagokionez, otsailean sarrerak eta gaualdiak 1.537 eta 14.424 izan dira, Eustaten arabera.