Euskararen erabilera bultzatu eta indartzeko ahaleginean jarraitzen du GEU elkarteak, covid pandemiaren aurrean. Birusa hedapen azkarrak segurtasun neurri zorrotzak hartzera behartu gaitu, eta hainbat kultur ekitaldi, azoka profesional edota jaialdi bertan behera geratu, atzeratu edo murriztu egin dira, covid birusaren eraginez.

Mintzalaguna programan, asteko hitzorduaz gain, hilabetero ekintza osagarriak antolatzen dituzte. Hala ere, iaz eta aurtengo ekimen asko bertan behera geratu dira koronabirusaren hedapena eteteko helburuz eta pandemiari aurre egiteko. Hala eta guztiz ere, Gasteizko kultura eta euskara babesten jarraitu nahi du GEU Elkarteak, eta martxoan zehar hainbeste bisita gidatu antolatu ditu. Bihar, martxoaren 16an, Ataria Salburuko hezeguneen interpretazio zentroa ezagutuko dute, eta datorren martxoaren 24an Erdi-Aroko Gasteizen barrena sartuko dira.

Goizeko eta arratsaldeko ordutegiak programatu dituzte. Aforoa oso murriztua denez, pertsona bakoitza bisita bakar batera apuntatu ahal izango da. Izen ematearen hurrenkeraren arabera esleituko dira lekuak. Bisita gidatu horiek doakoak dira, eta aforoa oso mugatua denez, komenigarria da lehenbailehen izena ematea (informazio gehiago jasotzeko eta izen emateko www.geuelkartea.eus orrialdean).

Bihar, martxoaren 16an, Ataria Salburuko hezeguneen interpretazio zentrora joango dira. Ataria pertsonek naturarekin bat egiteko lekua da, Gasteizko ekialdean dagoen Salburuko parkeko hezeguneetan osatutako ekosistemaren garrantzia ulertzeko, hain zuzen.

Atariak ateak parez pare zabalik dituen espazio batera eramaten ditu bisitari guztiak, Gasteizko Udalak adierazten duenez web orrialdean. Salburuko Atarian natura bizi duten pertsonek egiten dute lan, eta espazio horretara etortzen direnak ingurune naturala kontserbatzearen garrantziaz kontzientziatu nahi dituzte. Jasangarritasunari begira dagoen lekua da.

Primerako ekipamendua da Ataria parkean bizi diren izaki bizidunen ugaritasuna ezagutzeko. Urtaroen eragina, biodibertsitatearen aldaketak, parkea bizileku iraunkor duten izakiak, joan-etorrian ibiltzen diren migratzaileak eta abar erakusten ditu zentroak.

Azpimarratzekoa da irailaren amaiera aldera, Salburuko parkean bizi diren oreinak orroka hasten direla. Naturako ikuskizunik zoragarrienetariko bat da.

Datorren martxoaren 24an, asteazkenean, Erdi-Aroko Gasteizen barrena sartuko dira parte-hartzaileak. Ibilbide gidatu horretan zehar Vitoria-Gasteizko erdi aroko iragana gogora ekarriko dute bere sorreratik, herri txiki bat zenetik, bere alde zaharra bukatu zen arte.

Antzinako erregeak, Nafarroako Sancho VI.a, Gastelako Alfonso X.a edo Errege Katolikoak pasatu ziren kaleetatik pasatuko dira eta pausuz pausu joango dira hiriaren iragana ezagutzen. Ibilbidea Andra Mari Zuriaren enparantzan hasten da, muino baten oinetan, antzinako Gasteiz herritxoa kokatzen zen lekuan, Sancho VI.ak Jakitunak, Nafarroako Erregeak, Vitoria hiria sortu zuen lekuan.

San Miguel balkoian herritxoan zegoen lehenengo eliza eta eliza horren garrantzia erdi aroko hiriaren funtzionamendu politikorako ezagutuko dute. Matxete zeharkatu ondoren, eta San Vicente gaztelu zaharra ezagutu ondoren, alde zaharreko kalerik ederrenetariko batetik jarraituko dute.

Ataria. Salburuko hezeguneen interpretazio zentroa. -Martxoaren 16an, asteartean, goizeko 11.00etan.

-Martxoaren 16an, asteartean, arratsaldeko 18.00etan.

Erdi-aroko Gasteiz. Herri txiki bat zenetik, bere alde zaharra bukatu zen arte:

-Martxoaren 24an, asteazkenean, goizeko 12.30ean.

-Martxoaren 24an, asteazkenean, arratsaldeko 17.30ean.

Bisitak. Ibilbideak doakoak dira, aforoa oso mugatua da, eman izena lehenbailehen. Informazio gehiago eta izen ematea: www.geuelkartea.eus