- Hotel-establezimenduetako okupazioak %70etik gorako urte arteko jaitsierak izaten jarraitu du urtarrilean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Horrela, urtarrilean 89.087 gaualdi izan ziren Euskal Autonomia Erdidegoko hotel-establezimenduetan, iazko urtarrilean baino %72,2 gutxiago. Beraz, sarreren urte arteko beherakada %71,6koa izan da; urtarrilean 49.181 sarrerakin, Eustat Euskal Estatistika Erakundeak egin eta argitaratutako turismo-establezimendu hartzaileen inkestaren arabera. Lurraldeei dagokienez, Araban urtarrilean %63,3 jaitsi dira sarrerak 2020ko urtarrilaren aldean, eta %62,1 gaualdiak. Bizkaiaren eta Gipuzkoaren kasuan, urte arteko jaitsierak EAEko batezbestekotik gertuago daude. Izan ere, Bizkaian, sarrera-kopurua %73,8 jaitsi da, eta gaualdiena, %73,1, hain zuzen ere. Era berean, Gipuzkoan, urte honetako urtarrilean, aurreko urteko hil beraren aldean, sarrerak eta gaualdiak %71,8 eta %74,8 jaitsi dira, hurrenez hurren. Ildo horretatik jarraituz, ohiko bizilekua atzerrian duten bidaiarien sarrerak eta gaualdiak gehiago jaitsi dira: %82,8 eta %83,1, hurrenez hurren. Estatuko sarreren eta gaualdien kasuan, kopuruak apalagoak izan dira: 2020ko urtarrilaren aldean %65,9 jaitsi dira sarrerak eta %66,3 gaualdiak, hain zuzen ere.

"Aurreko hilabetearekin, 2020ko abenduarekin alderatuta, bai sarrerek bai gaualdiek gehikuntza txikiak izan dituzte kopuru absolutuetan Euskal AE osoan: 7.353 sarrera eta 10.301 gaualdi gehiago 2021eko urtarrilean 2020ko abenduan baino", azpimarratu dute aipatutako txostenean.

Bestalde, aldatu den beste faktore bat bidaiatzea erabakitzen duen familia edo turista bakoitzaren batez besteko egonaldia da. Hori dela eta, orain gutxiago dira herritarrek kanpoan igarotzen dituzten egunak, aurreko urteko epe berarekin alderatuta. Zehazki, datuek jaitsiera txiki bat erakusten dute: iaz 1,85 egun ziren, eta aurten, batez beste, 1,81 egun. Gainera, lurraldeka, beheranzko joera handiagoa da Gipuzkoan, batez beste 1,84 egunetik 1,65 egunera jaitsi ondoren. Kontrako aldean, Araban eta Bizkaian ere igoera txiki bat ikusten da azterlanean. Zehazki, Bizkaian 1,84 egunetatik 1,89 egunetara igaro da, eta Araban 1,91 egunetatik 1,97 egunetara.

Koronabirusaren pandemiak gogor jo ditu hainbat sektore; ostalaritza, kultura, aisia eta turismoa dira Euskadin koronabirusak gehien kaltetu dituen sektoreetako lau. Birusaren hedapenaren aurkako murrizketek eta osasun alertak ekonomia ere kolpatu dute, eta horrekin batera, hotel askok itxi behar izan dute denbora tarte mugatu batean.

Izan ere, txosten honetan diotenez, urtarrileko egun guztietan itxitako hotel-establezimenduen ehunekoaren bilakaerak agerian uzten du koronabirusari aurre egiteko hartutako murrizketek hotel-sektorean duten eragina. Iazko apirilean itxita egon zirenen %91k bilakaera izan du, azken hilabeteetan izandako mugikortasun-egoeren arabera. Hain zuzen ere, hasierako inpaktuaren ondoren, ikusten da establezimenduak modu jarraituan irekitzen joan direla udara arte, orduan hotelen %15 inguru itxita egon baitziren. Ordutik aurrera, hotel-establezimenduak pixkanaka ixteko prozesua ikusten da, urtarrilean %42,7ra iritsi arte.

Okupazio-mailek, urtarrilean jarduerarik eduki duten hotel-establezimenduek eskainitako plazen eta logelen arabera kalkulatuak, ehuneko 24,4 eta 28,6 puntuko jaitsierak eduki dituzte 2020ko urtarrilarekiko, hurrenez hurren; "eskainitako plazen araberako okupazio-maila % 14,0koa izan da, eta eskainitako logelen araberako okupazio-mailaren kasuan, % 20,0koa", nabarmendu dutenez. Lurraldeka, Gipuzkoak izan du jaitsierarik handiena, bai plazen araberako okupazioari dagokionez (2020ko urtarrilean erregistratutakoa baino ehuneko 27,7 puntu txikiagoa), bai eskainitako logelen araberako okupazioari dagokionez (ehuneko 31,9 puntu txikiagoa), urte arteko datuetan. "Gehien kaltetua izan den hiriburua Donostia izan da urtarrilean; plazen eta logelen okupazio-mailak ehuneko 33,6 eta 37,4 puntu jaitsi dira, hurrenez hurren", ondorioztatu dute Eustat-ek argitaratutako txostenean.

Hotelak. Errentagarritasun-adierazleek ere osasun-krisiak hotelen sektorean izan duen eragina islatzen dute. Ezarritako ADR edo eguneko batez besteko tarifa 59,1 eurotan kokatu da urte honetako urtarrilean, hau da, %13,8ko jaitsiera 2020ko urtarrilaren aldean, Eustatek argitaratutako txostenaren arabera. Lurraldeei dagokienez, Bizkaiak izan du jaitsierarik nabarmenena, %18rekin. Hiriburuen kasuan, Bilbo nabarmentzen da, %16,4ko beherakadarekin. Donostiak erakusten du magnitude horren baliorik handiena, 75,7 eurokoa. Logela eskuragarriko diru-sarrerari dagokionez, %64,5 jaitsi da Euskal Autonomia Erkidegoan.

%70

Hotel-establezimenduetako okupazioak %70etik gorako urte arteko jaitsierak izaten jarraitu du urtarrilean.

89.087

Urtarrilean, 89.087 gaualdi izan ziren Euskal Autonomia Erkidegoko hotel desberdinetan.

49.181

Sarreren urte arteko beherakada %71,6koa izan da; urtarrilean 49.181 sarrera izan ziren.

%-63,3

Araban urte honetako urtarrilean %63,3 jaitsi dira sarreran 2020. urtearekin konparatuz.

%-73,8

Bizkaian sarrera kopurua %73,8 jaitsi da, Eustaten arabera.

Datuak. 2021eko urtarrilean 89.087 gaualdi izan dira Euskal AEko hotel-establezimenduetan, 2020ko urtarrilean baino % 72,2 gutxiago. Sarreren urte arteko beherakada % 71,6koa izan da, eta 2021eko urtarrilean 49.181 sarrera izan dira, Eustatek landutako datuen arabera. Lurraldeei dagokienez, Araban 2021eko urtarrilean % 63,3 jaitsi dira sarrerak 2020ko urtarrilaren aldean, eta % 62,1 gaualdiak. Bizkaiaren eta Gipuzkoaren kasuan, urte arteko jaitsierak EAEko batezbestekotik gertuago daude.