- Mintzalaguna egitasmoak online mundura egin du salto, mintzalagun bakoitzak etxetik egin ditzan bilerak bere taldearekin. GEU Elkartetik edonork eskura izan dezakeen irtenbidea proposatu dute: Interneten bidezko Gasteizko Mintzalagun bilerak. Ondorioz, talde asko online moduan biltzen dira hilabete hauetan, bizi ari garen egoeran aukera erabilgarria; eta segurtasunez hizkuntza ohiturak mantentzeko eta lagun artean egoten jarraitzeko. Mintzalaguna programak astean behin euskaraz hitz egiteko elkartzen ditu Gasteizko taldekideak, normalean taberna edo elkarte gastronomikoetan, ordubetez. Baina argi dago bizi garen egoera ezohiko honetan ezinezkoa dela errutina mantentzea.

Eta zer moduz moldatzen ari dira Interneten bidezko bileretan parte hartzen duten mintzalagunak? “Esperientzia berri hau uste baino hobeto doa”, aipatu dute GEU Elkarteko teknikariek.

“Matrikula garaia hasi zenean online biltzeko taldeak eskaini genituen gure programan lehenengo aldiz. Kontziente gara pertsona batzuk ez daudela online bilerak egitera ohituta, eta hainbeste aukera eta app merkatuan daudela zaila izan zitekeela publiko batzuentzat egokiena aukeratzea”, adierazi du Esti Rodriguez arduradunak.

Horregatik, orain dela aste batzuk online bilerak egiteko tutorial erraza prestatu zuten, Mintzalagunen artean zabaltzeko. App eta zerbitzu ezagunenen ezaugarri nagusiak azaltzen dira, eta dei bat egiteko argibideak ere eskaintzen dira. Tutoriala ikusgai dago GEU Elkartearen web gunean, nahi duenarentzat: geuelkartea.eus-en.