- Lau talde arabarrek eman zuten izena EuskarAbentura 2.0ko probetan parte hartzeko pasa den urtean, espedizioa bertan behera geratu zenean eta gazteentzako erronkak asmatu zituenean EuskarAbentura elkarteak sare sozialen bidez (Hilezkorrak, Zuazotarrak, Marazi eta Betuki).

Orain, egun horiek begiratzen, EuskarAbenturako koordinatzaileetako bat den Irune de la Mazak azpimarratzen du zer edo zer eskaini nahi zutela eta “kriston poztasuna” eraman zuten. 60 gaztek hartu zuten parte eta hilabete entretenigarria izan zen.

Ekintza hauetan parte hartzeagatik jasotzen ziren sarietako bat zen gainera 2021erako plaza bat lortzea, eta alde batetik egin zuten zozketa gazte moduan joateko, eta beste plaza begirale laguntzaile moduan parte hartzeko. “Egon ziren bi irabazle, eta ahal bada aurten gurekin etorriko dira”, aurreratzen du.

Hilabete oso batean zehar, EuskarAbentura elkarteko kideek proba desberdinak eskaini zizkieten pasa den urtean parte-hartzaileei, eta hauek, 2001 eta 2005 urteen artean jaioak, bete behar izan zituzten. Era horretan, partaideek, 2 eta 5 kide bitarteko taldeetan banatuta, egon ziren hilabete osoan zehar abestien bidez istorioak kontatzen, yoga egiten, koreografiak asmatzen eta muralak klarionekin lurrean margotzen, besteak beste, eta hauek guztiak Instagramera igo zituzten botoak jasotzeko eta rankinean igotzen joateko. Guztira, uztaila osoan zehar, astelehen, astearte eta asteazkenetan askotariko erronkak proposatu zitzaizkien gazteei, hauek taldean eta etxetik kanpo burutu behar izan zituztenak, eta astero, osteguneko gauerdia baino lehen bidaltzen zituzten aste bakoitzeko probak.