- Arabako Lautadatik Ekuadorko Manabi probintziaraino. Hori izango da Jose Antonio Chavarri apaiz gasteiztarrak egingo duen bidaia berria; izan ere, datorren astetik aurrera, Arabako hainbat herritako parrokietan (Alegria, Argomaiz eta Añua, besteak beste) utziko ditu bere pastoral lanak.

Atzo Gasteizko Elizbarrutitik jakinarazi zutenez, bihar 13:00etan, Alegriako San Blas elizan bidalketa-ospakizun bat egingo da - horrela deitzen zaie pertsona batek eliza-erronka berri bati hasiera ematen dion mezei-, Jose Antonio Chavarri protagonista dela, eta Carlos Garcia Llata bikario nagusia izango da buru.

Jose Antonio Chavarri Gasteizkoa da. 1948an jaio zen, eta hiriko apaizgaitegian ikasi ondoren, Ekuadorrera joan zen. 1975ean apaiztu zen, eta han misiolari gisa iraun zuen 33 urtez, bertako biztanleek lagun-tza eta “akonpainamendu handia behar izan zutelako”. Duela 13 urte Arabara itzuli zen ama zaintzeko, eta, abenduan hil ondoren, erabaki zuen Amerikako “pobreenen eta behartsuenen ondoan bizi behar zuela”. Besteak beste, Alegria-Dulantzin, Argomaiz, Añua, Burgelu, Erentxun eta Oreitian egin du lan. Gasteizko gotzainari duela aste batzuk Ekuadorrera itzultzeko baimena eskatu ondoren, hurrengo egunetan itzuliko da Chavarri Andeetara.