- Zuzenean erreserbatu ahal izango dituzte herritarrek Udalaren kirol-instalazioak, banaka nahiz taldeka kirola egiteko, gehienez sei laguneko taldeetan, Covid-19aren ondoriozko prebentzio-neurriei buruzko Eusko Jaurlaritzaren azken dekretuak baimentzen duen moduan. Joan den astera arte, erreserba egiteko bi modu zeuden -banakako nahiz bizikideentzako erreserbak-, sei kirol-modalitatetan, jarduera anitzeko aukeraz gain. Bi aukera horien ordez, instalazioen zuzeneko erreserbak egiteko ohiko modua baliatu ahal izango da aurrerantzean, 20tik gora kirol-modalitatetan. “Indarrean dauden gomendio sanitarioen mende dago instalazioen erreserba-sistema (ordutegi-mugak, maskararen erabilera, oinetakoak aldatu beharra,...) eta orobat bete beharko dira dutxei, aldagelei eta besteri dagokienez ezarritako berariazko arauak ere” .