- Datorren astelehenean, San Martin adinekoen zentro soziokulturaleko zortzi erabiltzailek jantokiko zerbitzua estreinatuko dute. Hasieran, jantoki horrek 40 erabiltzailerentzako lekua du, baina, koronabirusaren segurtasun- eta prebentzio-neurriak direla eta, Gasteizko Udalak zerbitzu hori gutxiagorekin hastea erabaki du. San Martin adinekoentzako gizarte eta kultur etxea teknologia berrien udal zerbitzuaren lehengo bulegoetan dago. 1.300 m2-ko azalera du, hiru lokal independentetan banatua.

Hala, joan den abenduan ireki eta hilabetera, zentro honek zerbitzuak eta programak aktibatzen jarraitzen du, osasun-alertaren segurtasun-esparruaren barruan onartzen denaren arabera. Izan ere, orain arte zerbitzuak pixkanaka martxan jartzen joan dira, eta dagoeneko aktibo daude informazioa, ile-apaindegia eta podologia, osasun-parkeko programak eta Activa Tu Barrio programa. Astelehenetik aurrera, jantokia ere aktibatuko da, eta, hasiera batean, 13:30etik 15:30era bitarteko bazkari-txanda izango du. Erabiltzaile gehiago sartzen diren heinean (guztiek balorazio soziala izango dute), bigarren txanda bat prestatuko da, Gasteizko Udalak atzo azaldu zuenez.

Era berean, iturri berberek gehitu zuten segurtasun neurriak uneoro bermatuko direla; besteak beste, mahai batetik bestera bi metroko tartea utziko dela, pertsona bat egongo dela mahai bakoitzeko eta gehienez bi pertsona elkarrekin bizi badira, tenperatura hartuko da zentroaren sarreran, erabiltzaileek eskuak nahitaez garbitu beharko dituzte eta poltsa bat egongo da arropa eta gauzak utzi eta gordetzeko, ezin izango baitira erabili esekitokiak. Halaber, Udalak ziurtatu du mahaiak eta lokala bera desinfektatuko direla.

San Martinekoa irekita, hiriko adinekoentzako zentro soziokulturaletako hamar jantokiek 606 leku eskainiko dituzte guztira; oraingoz, ordea, 456 erabiltzaile daude, hau da, lekuen %75. Gainera, Araneko jantokian aurten beste 20 leku berri sortzeko asmoa dago. Adinekoentzako jantokiek ateak itxi behar izan zituzten pandemiaren hasieran, baina iazko ekainean ekin zioten berriro zerbitzu emateari.

"Geroztik oso protokolo zorrotzari jarraituz funtzionatu dute, eta espazio horiek seguruak dira osasunaren ikuspuntutik. Oso garrantzitsua da hori, funtsezko zerbitzua baita. Pandemiak zerbait irakatsi badigu hauxe da: adinekoak direla talde ahulenetako bat eta, horrenbestez, jantokia bezalako programa eta zerbitzuak behar dituztela mendekotasun txikiagoa izateko eta osasun fisiko eta emozional hobeaz gozatzeko", adierazi zuen Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak.

San Martin adinekoentzako zentro soziokulturala joan den abenduan inauguratu zen, 16. zentroa eta Gasteizko sareko handiena da. Hala ere, irekiera hori espero baino urtebete geroago iritsi zen, 2019ko udazkenerako iragarri baitzen.

Gainera, zentro horiek kudeatzeko kontratu berria esleitu ondoren egin zen inaugurazioa. Kontratu horren bidez, jantoki eta lantegi gehiago zeuden, baina ordutegiak murriztu ziren. 2015etik ateak irekitzen dituen lehen zentroa da, urte horretan inauguratu baitzen azkena, Lakua-Arriagakoa.

Bestalde, azpimarratzekoa da San Martinen 60 urtetik gorako 3.600 pertsona inguru bizi direla, adinekoen zentro hau erabil dezaketenak. Orain arte, pertsona horiek guztiek Txagorritxu eta Lovaina zentroetara joan behar zuten. Guztira 35.000 helduk erabiltzen dituzte zentro horiek, hiriko 60 urtetik gorako pertsonen erdiak.