-Irekita dago AEKren euskaltegietan izena emateko epea, atzo jakinarazi zutenez.

“AEKn, testuinguru berezia izanik ere, buru-belarri ekin genion ikasturte berriari, aurten ere herritarrek euskaltegietan euskara ikasteko aukera izan dezaten. Orain, abian jarriko dugu ikasturtearen bigarren matrikula-aldia, betiere unean uneko osasun-neurrietara egokituta eta prebentzio-neurriak oro hartuta”, adierazi zuten. Ikastaro presentzialetan zein autoikaskuntzako ereduan, ikastaro berri honek aukera ematen du urritik hasita dauden taldeetan izena emateko. Hainbat herritan maila guztietako ikastaro berrietan izena emateko aukera ere eskaintzen dute AEKtik, urtarrilean edo otsailean hasteko aukerarekin: “Alde batetik, aurrez aurreko ikastaroetan zein autoikaskuntzan, izena emateko sasoia dugu urritik aurrera jardunean dabiltzan taldeetan, baldin eta aukera badago (leku bakoitzeko eskaintza zehatza jasotzeko, gerturatu hurbilen duzuen euskaltegira)”, diote. “Beste alde batetik, hainbat tokitan ikastaro berriak (maila guztietan) eskainiko dira urtarrilean nahiz otsailean hasteko. Bestalde, online-ikastaroen txanda berria ere prest dago, eta, edukiera mugatu badugu ere, Foruko barnetegia ere zabalik duzue urte osoan”, azaldu zuten.

“Jakin badakigu ez-ohiko egoera honetan, euskaltegi guztietan, ez dugula artatzerik euskara ikasteko prest dagoen jende guztia; baina, era berean, sasoi honetan izena eman zein ez, guk handitu nahi dugu herritarrekiko komunikazioa”. Hori dela eta, matrikulazio-kanpainaren osagarri gisa, ekimen bat berriro jarriko dute martxan: herritarren galderak jaso zuzeneko argibideak eta gomendioak eman, besteak beste. Horri begira, euskara ikasteari buruzko atala prest dute beraien webgunean, helbide honetan: https://aek.eus/eu/euskaraikasinahidut. Aurreko guztiaz gain, “azpimarratu nahi dugu erakunde askok (udalek, aldundiek, mankomunitateek, Eusko Jaurlaritzak nahiz Nafarroako Gobernuak...) dirulaguntzak ematen dituztela euskara ikasteagatik. Dirulaguntzen gaineko informazio hori gure webgunean (www.aek.eus) eta euskaltegietan aurkituko duzue, berariaz prestatuta”.