- Hiltzen ari diren pertsonei eta haien familiei laguntzea. Hain zuzen ere, horretan datza Arabako Foru Aldundiak Araban abian jarri dituen tailerren helburua.

Atzo Emilio Sola Gizarte Politiketako foru-diputatuak azaldu zuenez, Foru Aldundiak datozen egunetan tailerrak jarriko ditu abian Arabako hainbat herritan, lurraldeko herrietan auzotar errukiorren sarea aktibatzeko oinarriak jartzeko, bizi-tzaren amaieran, zainketa aringarrietan eta doluan dauden pertsonei laguntzeko. Horrela, Arabako lurraldean egingo den hurrengo urratsa Vivir con Voz Propiak emandako tailerrak abian jartzea da. Lehen fasean, 20.000 biztanle baino gutxiago duten lurraldeko udalerri populatuenetan egingo dira; hau da, Laudion, Amurrion eta Agurainen, hain zuzen ere. “Pilotaje horretan hainbat gizarte eragilek hartuko dute parte, eta, horien artean, nabarmentzekoa da Arabako boluntarioen mugimendua, hainbat izenen pean lan goresgarria egiten baitu”, adierazi zuen Solak.

Ildo horretatik, gaineratu zuenez, komunitate errukiorrek “tresnak ematen dizkiete herritarrei ahaldunduta senti daitezen laguntza balioak berreskuratzeko, eta espazioak irekitzen dituzte pertsonek, boluntario gisa, lan hori egin eta lagun egin dezaten”: “Funtsezkoa da lagunduta, duintasunez eta egoera kontrolatuz hiltzea, etxetik eta familiarengandik gertu. Eta ez leku inpertsonal batean, arrotza eta deshumanizatzailea baita, eta are gutxiago nahi ez den bakardadean”, ondorioztatu zuen foru diputatuak.