Aurtengo Euskaraldia behin amaituta, balantzea egiteko ordua heldu da, aurtengo edizioa ezohiko egoera baten testuinguruan ospatu dela ahaztu gabe. Horrek eragin du, hain zuzen, parte-hartzaile kopurua behera egitea, bai Gasteizen baita Euskal Herria osoan ere.

"225.000 pertsona izan ziren aurreko edizioan Euskadin. Orain, 2020an, 180.000 izan dira, eta horrek %20ko beherakada suposatzen du. Gasteizen 13.000tik 10.000 ingurura pasatu dira, %23ko beherakada bat eraginez", gogoratzen du Gasteizko Euskaraldia koordinatu duen Josu Pedruzok DIARIO DE NOTICIAS DE ALAVA egunkarian. Aurten gertatu den guztiarekin espero zuten emaitza hau, eta beste lurraldeetan jasotako datuekin alderatuz antzekoak izan dira.

Ariguneen kontua, aurtengo nobedaderik deigarriena, aipatzekoa da ere. 13.000 sortu ziren guztira (Gasteizen, 700 arigune inguru, 120 entitatek sortuta), baina zentzu horretan ere ostalaritzaren itxierak eragina izan du. Izan ere, entitateek sortu zituzten ariguneak, edo euskaraz aritzeko guneak. "Oso interesgarria zen ariguneena, eta ematen zigun aukera beste eremu batzuetan lan egiteko, baina pandemiarekin zaila izan da. Ostalaritzaren itxiera nabaritu da, bai".

Hala ere, Gasteizko Euskaraldiak hiru ekitaldi antolatu ditu azaroaren 20a eta abenduaren 5a bitartean; eta beste zenbaitetan ere lagundu du, Sorginenea eta Geu elkartearekin, adibidez. Beraz, Pedruzok dioenez, nahiz eta egoera ezohikoa eta zaila izan, zenbait jarduera aurrera atera dituzte, eta honetan sare sozialak bidaide paregabea izan dira, Euskaraldiak sare sozialetan sakondu baitu aurten. "Streaming-en bidez egin genituen ere ekitaldiak, Kike Amonarrizen hitzaldia, bertso-saioak, etab". Eta sareetan egindako lanaren ondorio da, adibidez, Instagramen Gasteizko Euskaraldia dela jarraitzaile gehien dituen kontua, Euskal Herriko beste Euskaraldiko kontuekin alderatuz. Horregatik ere, gogoetaz aparte, eskerrak eman nahi izan ditu Pedruzok. "Gasteizen, 10.000 belarriprest eta ahobizi izan gara Euskaraldian! 10.000 esker guztioi eta zorionak urte zail honetan, berriz ere, euskararen alde lan egiteagatik!", adierazi zuen Gasteizko Euskaraldiak Instagramen parte-hartzaile kopurua ezagutu zuenean. Izan ere, ibilbide honetan elkarte, entitate eta pertsona asko egon dira, buru-belarri, eta euskararen erabilera bultzatzen jarraituko dute urteko 365 egunetan.