- Salburua auzoko lekurik magikoenak ezagutzea. Helburu horrekin, Vital Fundazioak eta Gasteizko Udalak Vital Ibilbideen berrargitalpena aurkeztu zuten atzo, Salburuako parkean lau ibilbide autogidatu egiteko. Ibilbide bakoitzak bide bat hartzen du: ornitologikoa (hegazti-fauna), entomologikoa (intsektuak), botanikoa (lorea) eta herpetologikoa (anfibioak eta narrastiak). Lehen ere bazeuden ibilbide horiek, baina Salburuako parkeak azken urteotan izan duen bilakaerari buruzko informazio ugariz eguneratu dira.

“Covid-19aren pandemiak ohitura-aldaketa eragin du herritar gehienetan, eta hiria eta bertako berdeguneak deskubritzeko gogoan goranzko joera antzeman da. Ingurune naturalak balioa handitu du, eta ohikoa da egunero milaka pertsona ikustea Gasteizko eraztun berdea osatzen duten hiri-inguruko parkeetatik ibiltzen”, azaldu zuten atzo aurkezpenean. Horietako bat ezagutzen lagun-tzeko, Salburuakoa hain zuzen, Vital Ibilbideak berrargitaratu dituzte Vital Fundazioak eta Gasteizko Udalak. Lau argitalpen dira eta parkean zehar ibilbide autogidatua egiteko aukera ematen dute, ibiltariaren interes zehatzaren arabera. “Lau gidaliburuek, gainera, hezegunea berreskuratzeari buruzko informazioa dakarte, esaterako, 1857 baino lehen non zeuden gutxienez hiru aintzira; parkera nola iritsi; bertara iristeko arauak edo gomendioak; dauden ekipamendua eta instalazioak nola erabili; nola orientatu hobeto bertan, nola ibili fauna molestatu gabe eta nola ez utzi arrastorik parkean”, gaineratu zuten.

Horietako ibilbide batean, esaterako, ibilbide botaniko bat planteatzen da. Horren bidez, parkeko espazioak zeharka-tzen dituen oinezkoen bidean aurki daitezkeen landare interesgarri gehienak ezagutarazten dira edozein urtarotan. Horretarako, ibilbide bat diseinatu da, eta ibilbide horretan, interes botanikoa duten puntu batzuk finkatu dira geldialdiak egiteko. “Saiatu gara puntu horiek Salburuan aurki daitezkeen inguruneen adierazgarri izan daitezen, kontuan hartuta landarediari eragiten dioten faktoreak, hala nola tenperatura, hezetasuna, lurzoru mota, lurraren malda, orientazioa, etab. Horrela, adibidez, Malba Zuridun Belardiak, sahastiak, lezkadia edo makaldiak izeneko puntuak aurki daitezke”.